Karnabalak 2023

Haur mozorrotuen desfilea jendetsua izan da

Nerea Uranga 2023ko ots. 20a, 15:39

Haurrak izan dira Astelehen Karnabaleko protagonistak. Goizean sokamurtur txikia izan dute, eta ondoren, haur mozorrotuen desfileak hartu ditu Alde Zaharreko kaleak eta plaza.

Familian, kuadrillan... irten dute haur eta helduek eguerdian egin den haur mozorrotuen desfilean. Olazko Andre Mariaren plazatik hasi da kalejira, erraldoiek eta buruhandiek, Banda Gazteak, txilibeteroek eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilariek girotuta. Marea Urdinako kideek ere parte hartu dute desfilea urdinduz. Alde Zaharreko kaleetan ibili ondoren, plazan bukatu dute ibilbidea, eta gozokiak jasotzeko aukera izan dute desfileko parte hartzaileek. Behin, plazan, Diskopuntx taldearekin dantza eginez gozatu dute.

Arratsaldean ere izango dute haurrek zerekin gozatu. 16:00etatik 20:00etara bitartean, haurrentzako eta nerabeentzako parkea egongo baita Izarraitz pilotalekuan. Errealitate birtualeko jolasak, dance jokoak eta simuladoreak izango dituzte jolaserako.