Karnabalak 2023

Euskal inauterien jaialdia eta ikastetxeetan mozorro festak egingo dituzte gaur

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 17a, 09:10

Ikasle ugari mozorrotuta.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleek ikastetxeetan egingo dituzte jaiak, arratsaldez; Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoek, berriz, euskal inauterien kalejira egingo dute 18:30ean hasita.

Herriko ikastetxeetako ikasleak ere prest dira karnabalak ospatzeko. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleek ikastetxeetan egingo dituzte jaiak; Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoek, berriz, euskal inauterien kalejira egingo dute 18:30ean hasita.

Iraurgi Ikastetxean goizean hasiko dute festa, eta LH4ko ikasleek izango dira lehenak, 12:15ean, euskal inauteriak irudikatuz, Kotilungorriz eta Joladunaz jantzita, ondoren dantzatzeko. Arratsaldeko ekitaldia 16:00etan hasiko dute, eta LHko kideek parte hartuko dute. Azken egunotan prestatu dituzten dantzak egingo dituzte. 16:30ean, HHko ikasleak festara batuko dira kalejiran. Aurten, gainera, 17:00etatik aurrera, festak jarraipena izango du, Batxilergoko bigarren mailako ikasleek eskainiko duten  meriendatxoarekin.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen Euskal Herria auzuneko eraikinean 15:30ean hasiko dituzte dantzak; Perdillegi kaleko eraikinean, berriz, 16:00ean ekingo diote festari. Dantza saioen ostean, Zutarri guraso elkarteak prestatutako txokolateaz gozatu ahal izango dute bi eraikinetako ikasleek.

Euskal inauterien kalejira

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko HHko, LHko, DBHko nahiz Batxilergoko ikasleek euskal inauterien jaialdia aterako dute kalera bihar arratsaldean, eta horrekin hasiko da herrian karnabaletako jai egitarau ofiziala.

18:30ean hasiko dute kalejira San Martin egoitza paretik eta plaza joango dira, hainbat geldialdi eginez. Joariak, zanpantzarrak, bolantak, mamoxarroak, kotilungorriak, txatxoak eta zanpantzarrak ibiliko dira kalejiran, eta hainbat dantza egingo dituzte horiek.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide