Karnabalak 2023

Aurtengo karnabaletan ere izango da Sokamuturra argazki lehiaketa

Julene Frantzesena 2023ko ots. 15a, 09:00

Iazko IƱaki Joaristi 'Altzarte' saria jaso zuen irudia. (Alaitz Lizarralde)

Sokamuturreko bost argazki sarituko dituzte Imanol Elias sariketan, eta karnabal giroko irudi onena Iñaki Joaristi Altzarte sariarekin. Martxoaren 2rako aurkeztu beharko dituzte irudiak parte hartzaileek, eta sari banaketa ekitaldia martxoaren 18an gauzatuko dute.

Aurtengo karnabaletan ere izango da Sokamuturra argazki lehiaketa, eta aurten ere bi sariketa antolatu ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE). Batetik, helduen sokamuturreko argazkien Imanol Elias sariketa egingo du, eta bestetik, karnabal giroko argazkien Iñaki Joaristi Altzarte saria banatuko du.

Imanol Elias sariketarako argazkiak zuri-beltzean aurkeztu beharko dituzte herritarrek, eta ezingo dute fotomuntaketarik egin. Egile bakoitzak, gehienez, sokamuturreko bost argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara, eta horietako bakoitzak sari bakarra eskuratu ahal izango du. Honako sari hauek banatuko ditu epaimahaiak: irabazleak 365 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatzen denak, 235 euro eta garaikurra; hirugarrenak, 200 euro eta garaikurra; laugarrenak, 120 euro; eta bosgarrenak, 80 euro. Karnabal giroko Iñaki Joaristi Altzarte sarira koloretako argazkiak aurkeztu beharko dira, eta partaide bakoitzak gehienez bi irudi bidali ahal izango ditu. Haren irabazleak 150 euro eta plaka eskuratuko ditu.

Lanak martxoaren 2rako

Argazkiak paperean entregatu beharko dira –20x30 zentimetro tamainan–, eta horien atzealdean argazkiaren izenburua, izen-abizenak, helbidea eta telefonoa jarri beharko dituzte parte hartzaileek. Horrez gain, argazkiak CD batean –JPG formatuan– ere aurkeztu beharko dituzte. AAEko kideek azaldu dutenez, baldintza horiek betetzen ez dituzten egileen argazkiak lehiaketatik kanpo geldituko dira. Lanak honako helbide honetara bidali beharko dira pakete edo gutun-azal itxi batean: Azpeitiko 326 PK-ra edo Dinamoa Sormen Guneko 1. solairura (Soreasu auzoa, 1). 

Lehiaketan parte hartzen duten herritarrek martxoaren 2ko 22:00etarako bidali beharko dituzte irudiak AAEra. Epaimahaia elkarteak izendatuko du, eta kide horiek erabakiko dute zein izango diren argazki sarituak. Sari banaketa ekitaldia, berriz, martxoaren 18an, larunbatez, egingo dute, 13:00etan, lehiaketako argazki erakusketa irekitzearekin batera.

Saritutako argazkiak AAEren jabetzan geldituko dira, eta gainerakoak, hau da, saritu gabekoak, erakusketa itxi osteko hamabost egunetan jaso ahal izango dituzte egileek AAEren egoitzan. Bestalde, lehiaketan parte hartzen duten kide guztiak afarira gonbidatuta daudela jakinarazi du elkarteak, eta irabazleek sariaren %25 beren afaria ordaintzeko baliatuko dutela eta gainerakoa beraiek ordaindu beharko dutela adierazi du.

Ohar bat

Lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrentzat oharra bat ere jakinarazi dute AAEko kideek. Haiek azaldu dutenez, antolatzaileek ez dituzte beren gain hartuko ekintza garatzen den bitartean partaideek, ekipoek edota ondasunek izan ditzaketen kalteak. "Ekintzan parte hartzen dutenak izango dira beren buruaren, argazki ekipoen eta ondasunen arduradun bakarrak, baita ekintza garatzean hirugarrengoei eta bere ondasunei sor lekizkiekeen kalteenak ere. Ekintza honetan parte hartzeak berekin dakar arauok erabat onartzea", nabarmendu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide