2022ko Martxoaren 8a

"Zapalkuntzarik gabeko gizartea eraikitzeko beharra" aldarrikatu dute Ikasle Abertzaleek

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 8a, 14:03

Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, hitzaldiak eta elkarretaratzeak egin dituzte goizean zehar Urola Ikastolan eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Lotzen gaituzten kateetatik askatzeko, emakume langileok borrokara batu! lelo hartuta egin dituzte ekintzak.

Martxoak 8 da gaur, eta Urola Erdiko Ikasle Abertzaleek deituta, hitzaldiak eta kontzentrazioak egin dituzte goizean zehar Urola Ikastolan eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Lotzen gaituzten kateetatik askatzeko, emakume langileok borrokara batu! lelopean egin dituzte ekintzak, Izan ere, "zapalkuntzarik eta dominaziorik gabeko gizarte bat eraikitzeko beharra" aldarrikatu du IAk. 

Urola Ikastolan, DBH3 eta DBH4 mailetakoei zuzendutako solasaldia eskaini dute aurrena, 10:20an, eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetakoei zuzendutakoa 11:45ean; Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, 11:30ean egin dute solasaldia, eta elkarretaratzea 12:30ean. 

Gaurko egunaren harira, azken asteetan beste hainbat ekintza ere egin dituzte Urola Erdiko IAk antolatuta. Martxoaren 2an, esaterako, hipersexualizazioaren inguruko tailerra egin zuten Azpeitiko Gaztetxean. 

(Argazkiak: Urola Erdiko IA)