Koronabirusa Azpeitian

9.000ko langa gainditu du intzidentzia tasak Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 10a, 16:36

(Alex Berasategi)

266 positibo atzeman ditu Osakidetzak herrian aurreko lau egunetan, azken eguneraketan baino gutxiago –hiru egunetakoak zenbatu zituzten orduan–, baina hamalau eguneko 100.000 biztanleko tasa inoizko altuena da gaur-gaurkoz. Urola Kostan 1.255 positibo izan dira guztira, eta 10.037 Hego Euskal Herri osoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 50 pertsona hil dira azken astean COVID-19ak jota.

Gora eta gora jarraitzen du COVID-19aren intzidentzia tasak Azpeitian. Osakidetzak gaur argitaratu du joan den ostegunetik atzo bitarteko datuen txostena, eta 9.000ko langa gainditu du lehen aldiz Azpeitiko intzidentzia metatuak: 9.119koa da tasa hori gaur-gaurkoz. Hala ere, aurreko eguneraketan baino positibo gutxiago zenbatu dituzte herrian oraingoan: azken lau egunetan 266 izan dira positiboak, eta aurreko hiru egunetan 342 izan ziren. Azken lau egunei dagokienez, 101 positibo agertu ziren ostegunean, 79 ostiralean, 63 larunbatean eta 23 igandean

Azpeitiak orain arteko inoizko intzidentzia tasa handiena du, baina aspaldiko partez, ez da tasa altuena duen eskualdeko herria. Izan ere, Azkoitia, azken lau egunetan 212 positibo pilatuta (68 ostegunean, 63 ostiralean, 57 larunbatean eta 24 igandean), 9.296raino iritsi da.

Izan ere, oso goian jarraitzen du SARS-CoV-2 birusaren transmisioak Urola Kostan eta Hego Euskal Herrian. Osakidetzak gaur plazaratu duen datuen eguneratzearen arabera, azken lau egunetan guztira 1.255 potisibo zenbatu dituzte eskualdeko 11 herrietan. Aurreko eguneratzean, Errege egunean atera zutenean, aurreko hiru egunetan atzemandako 1.380 kasuren berri eman zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Beraz, kopuruak oso handia izaten jarraitzen badu ere, joan den astetik birusaren hedapena zertxo bait baretu dela esan daiteke. Dena den, intzidentzia metatuak gora egin du berriro ia herri denetan. Positibo gehien, 381, Zarautzen agertu dira (86, 105, 107 eta 83, hurrenez hurren, ostegunetik igandera), eta 6.035era igo da intzidentzia metatuaren tasa eskualdeko udalerri populatuenean. Zumaian 169 positibo zenbatu dituzte azken lau egunetan (34, 55, 46 eta 34) eta han ere gora egin du intzidentziak, 7.886ra iritsita. Orion ere igo egin da intzidentzia (5.316), baina 5.000 biztanletik gorako herrien artean igoera apalena izan da Oriokoa; 77 positibo izan dituzte herri horretan ostegunetik igandera (13, 27, 14 eta 23).

5.000 biztanletik beherako herriei dagokienez, Getarian 55 positibo zenbatu ditu Osakidetzak (9, 32, 9 eta 5) eta 8.339raino igo da herriko intzidentzia tasa. Zestoan ere pixka bat igo da intzidentzia, 6.343n kokatuz; 50 positibo izan dituzte han aurreko lau egunetan (14, 20, 6 eta 10). Aian 27 positibo atzeman dituzte (6, 6, 12 eta 3) eta 6.095era igo da intzidentzia. Aizarnazabalen bost positibo azaleratu dira (bina ostegunean eta ostiralean, eta bat larunbatean) eta han 4.941era jaitsi da intzidentzia. Errezilen hamabi kasu zenbatu dituzte (sei ostegunean, bost ostiralean eta bat atzo), eta 5.797ra igo da hango intzidentzia. Beizaman, azkenik, ostiralean zenbatu zuten azken lau egunetako positibo bakarra, eta 4.032ko tasarekin, mantendu egin da han intzidentziaren datua.

10.037 positibo Hego Euskal Herrian

18.766 diagnostiko proba egin zituen atzo Osakidetzak, 3.770 proba egin zituen Osasunbideak, eta guztira 10.037 positibo azaleratu ziren proba horien ondorioz: 883 Araban, 4.087 Bizkaian, 2.761 Gipuzkoan, eta 2.246 Nafarroan. Osakidetzak atzo egindako diagnostiko proben %41,5 izan ziren positiboak, eta Nafarroan ia %60ra iritsi zen positibotasuna.

Nafarroan bi pertsona hil ziren atzo COVID-19ak jota. Eusko Jaurlaritzak, berriz, gaurko txostenean eguneratu du azken astean hildakoen kopurua: 50 pertsona hil dira tarte horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren eraginez.

Erietxeetako egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 938 gaixo daude Osakidetzaren sareko ospitaleetan, eta horietatik 142 ZIUetan daude, joan den asteazkenean baino 20 gehiago. Nafarroako ospitaleetan 250 lagun daude COVID-19agatik ingresatuta, eta horietatik 31 daude ZIUetan.