Koronabirusa Azpeitian

Asteburuan hiru positibo atzeman dituzte herrian

Andoni Elduaien 2021ko mar. 15a, 13:13

Joan den ostiralean 210,25ekoa zen 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa, eta 190,54koa da egun. Eskualdean 23 positibo zenbatu dituzte asteburuan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du pandemiaren inguruko txostena. Ostiraletik atzora bitartean egindako PCR eta antigeno probetan Osasun Sailak hiru kasu positibo zenbatu dituzte Azpeitian, joan den asteburuan adina. Horrela, behera egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak: 210,25eko zen ostiralean eta 190,54koa da orain.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, 23 kasu positibo hauteman dituzte ostiraletik atzora bitartean egindako probetan. Zarautzen detektatu dituzte kasu gehien, bederatzi guztira –hiru kasu ostiralean, lau zapatuan eta bi igandean–. Intzidentzia tasak, gainera, gora egin du han, eta egun 201,31koa da zenbatekoa. Zumaian, bestalde, sei kasu zenbatu dituzte azken hiru egunetan, hiruna ostiralean eta zapatuan. Zumaian ere gora egin du intzidentzia tasak; izan ere, 101,76tik 132,29ra igo da zenbatekoa han azken hiru egunetako positiboen ondoren. Orion, berriz, lau kasu positibo zenbatu dituzte –bana ostiralean nahiz zapatuan eta bi atzo–. Intzidentzia tasak igo egin da Orion ere; 130,46koa zen tasa ostiralean eta 195,69koa da orain.

Getarian zenbatu dute eskualdeko beste kasu positiboa; atzo egindako probetan atzeman zuten kasua. Intzidentzia tasa, halere, jaitsi egin da han, eta 141,34an kokatu da zenbatekoa. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik atzeman. Intzidentzia tasa berdin mantendu da Aian eta Beizaman, baina behera egin du eskualdeko gainerako herrietan.

300 kasuren azpitik

Atzo, igandea, 286 kasu positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.348 test egin zituzten, eta guztira 246 positibo zenbatu zituzten. Bizkaian 136 kasu atzeman zituzten, 66 Gipuzkoan eta 41 Araban; halere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hiru laguni ere detektatu zioten positiboa. Positibotasun tasa hiru lurralde horietan %4,6koa izan zen. Nafarroan, bestalde, 946 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta guztira 40 kasu positibo zenbatu zituzten; positibotasun tasa %4,2koa izan zen han.

Ospitaleen egoeraren berri eman du Osakidetzak txostenean. Egun 236 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; atzo, gainera, hamalau lagun ospitaleratu zituzten. Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn, aldiz, 97 pertsona daude. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizeak, halaber, behera egin du hamarren bat, eta 1,01ean kokatu da.