Herri kirolen plaza bilakatu da gaur Izarraitz pilotalekua

Julene Frantzesena 2021ko mar. 14a, 16:51

Mikel Lopetegi Urra harri-jasotzaile zarauztarrak irabazi du Zortzi Arroako Hiru Harrien Txapelketa. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren 22. edizioko txapelak, berriz, Ibai Soroak eta Txomin Amundarainek jantzi dituzte. Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketa Nerea Sorondok irabazi du.

Herri kiroletako hitzordu garrantzitsua izan da gaur, igandea, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan; izan ere, aizkoran eta harrijasotzen hainbat txapel izan dira jokoan. 12:00etan hasita, lau final eta erakustaldi bat izan dira frontoian.

Eskualdera etorri da, gainera, txapeletako bat: Mikel Lopetegi Urra harri-jasotzaile zarauztarrak irabazi du Zortzi Arroako Hiru Harrien Txapelketa. Urrak 10.200 kilo jaso ditu guztira, bigarren sailkatu den Beñat Telleriak, berriz, 9.500 kilo, eta Inhar Urruzunok 8.900 kilo. Hiru minutuko txandetan ehun kiloko kopa, ehun kiloko kubikoa eta ehun kiloko bola jaso behar izan dituzte harri-jasotzaileek.

Saioa bukatu berritan, Urrak adierazi du “sufritutako garaipena” izan dela eskuratu duena; batez ere, harri kubikoa altxatzen sufritu duela azaldu du. “Gakoa lehen bi harrietan egon da. Telleriak harri kubikoan erritmoa jaitsi du, eta hor lortu dugu garaipena”. Borobil atera zaio finala, eta “gustura” agertu da zarauztarra.

Aizkoran ere bai

Gaurkoan Egur Sportek antolatutako Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren 22. edizioaren finala ere jokatu dute Izarraitzen. Sei aizkolariek estreinakoz jokatu dute maila nagusiko binakako finala. Lan bikaina egin dute Ibai Soroak eta Txomin Amundarainek; izan ere, 18 minutu eta 40 segundotan amaitu dituzte gauzatu beharreko lanak. Haien atzetik, minutu bat eta 25 segundo geroago, sailkatu dira Hodei Ezpeleta eta Goizeder Belza. Hirugarren, berriz, Suharri Rodriguezek eta Jokin Urretabizkaiak egin dute, irabazleek baino 2 minutu eta 11 segundo gehiago behar izan baitituzte ebaki beharreko enborrak ebakitzeko.

Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketako txapela ere jokoan izan da gaur. Nerea Sorondo, Maika Ariztegi, Claudia Muñoz eta Uxue Ansorregi aritu dira nor baino nor lehian, eta iaz ihes egin zion txapela berreskuratu du Sorondok. Bigarren sailkatu da Ariztegi, hirugarren Muñoz eta laugarren Ansorregi.

Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketa ere jokatu dute hiru bikotek: Markel Zapiain eta Axel Larrañaga; Xuban Kañamares Kañamares V.a eta Ibon Garaiburu; eta Oier Larretxea eta Endika Goia. Lehia estua izan da, baina Kañamares eta Garaiburuk bukatu dituzte lanak azkarren. Horiek sei minutu eta 38 segundo behar izan dituzte lanak bukatzeko, eta haien ostean, hiru segundora sailkatu dira Zapiain eta Larrañaga.

Gainera, Karmele Gisasola Zelai III, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez harri-jasotzaileek erakustaldia eskaini dute Izarraitzeko lehia eta lehia artean.

(Argazkiak: Ibon Errazu Uria)