Haimar Etxeberriak irabazi du San Jose Txirrindularitza Sariaren XXXVIII. edizioa

Julene Frantzesena 2021ko mar. 13a, 20:21

16:00etan hasita, 77 kilometroko ibilbideari egin behar izan diote aurre kirolariek Azpeitia eta Zestoa inguruetan. Buruntzazpi taldeko Haimar Etxeberria izan da nagusi, proba bi ordu eta zortzi minututan bukatuta. Mendiko saria bigarren sailkatu den Unai Zubeldiarentzat izan da, eta taldekako saria Ampo-Ikolan Sportsek irabazi du.

San Jose Sariaren XXXVIII. edizioa jokatu dute gaur Azpeitian, junior mailko txirrindulariek. 16:00etan hasita, 77 kilometroko ibilbideari egin behar izan diote aurre kirolariek. Zehazki, Ikasberri Ikastolaren paretik hasi dute Azpeitia eta Zestoa artean gauzatu duten lasterketa, eta 18:00ak pasatuta iritsi dira Loiolako hiribidean kokatuta zegoen helmugara.

Buruntzazpi taldeko Haimar Etxeberria izan da nagusi, proba bi ordu eta zortzi minututan bukatuta. Dena den, helmugara Unai Zubeldiarekin (Limousin-Oriako taldea) bateratsu iritsi da; bigarren sailkatu da Zubeldia, Etxeberria baino segundo bat geroago pasatu baitu helmuga. Hirugarren, berriz, Beñat Carbayeda (Buruntzazpi) helmugaratu da, irabazlea baino 42 segundo geroago. Lagun Onaken Atracciones Sanz taldeko lehen txirrindularia, berriz, Iñaki Arzallus izan da; 28. iritsi da helmugara azpeitiarra.

Ikasberri Ikastolako gimnasioan egin dute sari banaketa ekitaldia, eta lehen hiru sailkatuek ez ezik, taldekako saria eta mendikoa ere banatu dituzte. Taldekakoa Ampo-Ikolan Sports taldearentzat izan da, eta mendiko saria, berriz, lasterketan bigarren sailkatutako Unai Zubeldiarentzat izan da.

Hona hemen Txirrindulariak-ek Youtuben eskegi duen lasterketaren bideoa: