Koronabirusa Azpeitian

Nola heldu gara honaino

Anartz Izagirre eta Maialen Etxaniz 2021ko mar. 15a, 11:00

German Alberdi pasealekua. (Ihintza Elustondo)

Koronabirusa, COVID-19a edo Sars-CoV-2 hitzak herritarren zati handi batentzat ezezagunak izatetik eguneroko kontu izatera igaro dira urte batean; hain zuzen ere, hil honetan bete da urtebete osasun krisia hasi zenetik. Hilabete gutxiko kontua zirudien osasun larrialdia uste baino gehiago ari da luzatzen mundu osoan, eta Uztarria hainbat sektoretako ordezkariekin bildu da ezohiko azken urtearen errepasoa egiteko.

Beti esan ohi da gizakiak egoera berrietara egokitzeko ahalmena duela, eta egoera zailenetan ere aurrera egiteko gaitasuna izan ohi du. COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak goitik behera aldatu du eskualdeko zein herriko ekonomia, eta Iraurgi Berritzen garapen agentzia Espainiako Gobernuak itxialdia agindu bezain pronto jarri zen harremanetan Azpeitiko zein inguruko herrietako enpresekin.

Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak dioenez, 2019. urtea bukatzerako eta 2020. urtea hasterako ekonomiaren makaltzea zetorrela erakusten zuten datuek, baina martxoan izan zen "benetako kolpea". Bat dator Itziar Abarisketa Iraurgi Berritzeneko Enplegu eta Enpresa Arloko koordinatzailea ere: "Adituek zioten epe horretarako krisia etorriko zela, baina inork ez zuen espero halako ezer izango zenik". Beobidek dio, enpresentzat ez ezik, garapen agentziarentzat ere "kaosa" izan zela iazko udaberrian gertatutakoa; hala eta guztiz, eskualdeko enpresek iazko urtea "uste baino hobeto" amaitu zutela dio Beobidek: "Udazkenean aurreikusten genuen %25 jaitsiko zirela fakturazioak, baina azkenean, %15-20 bitarteko jaitsiera izan da. Enpresa batzuek, gainera, inoiz baino gehiago fakturatu dute; esaterako, automozioko enpresek".

Abarisketaren arabera, azken urtebetean “fase desberdinak" bizi izan dituzte eskualdeko enpresek: "Hasieran, segurtasuna zen denon lehentasuna: EPIak lortzea, maskarak banatzea... Ondoren, berriz, ABEEEen (Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak) kudeaketa". Beobideren esanetan, digitalizazioa izan zen hasiera-hasieratik enpresa askoren erronka eta oztopoa: "Egoera honek behartu gaitu orain arte gauzak egiteko genituen hainbat modu zalantzan jartzera. Lehen aurrez aurre egiten ziren jarduera asko orain online egiten dira; adibidez, bilerak". Abarisketa ere bat dator: "Orain arte digitalizazioa urrun ikusten zuten enpresa askok, prozesua azkartu egin da, eta egoera honek estrategia birdefinitzeko beharra ekarri die hainbati".

ABEEEak, eguneroko ogi

Ezezagunak izatetik, herritar guztien ahotan egotera igaro ziren Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak denbora laburrean, eta ez da gutxiagorako; izan ere, 2020ko martxoaren 16tik abenduaren 31ra bitartean, guztira, 256 ABEEE izan ziren herrian; horietatik gehienak zerbitzuen sektorean, eta, bereziki, ostalaritzan. Pandemiaren hasiera izan zen ABEEE gehien egin ziren unea, hortik aurrera, beheraka joan zen kontua. Beobideren esanetan, enpresa askok "enplegua mantentzeko" erabili zituzten espediente horiek.

Enpresen ohiko jardueran ez ezik, langabezia tasan ere zuzen-zuzeneko eragina izan du pandemiak, eta Iraurgi Berritzenek egindako diagnostikoaren arabera, 2019. urtean baino 52 pertsona gehiago zeuden langabezian joan zen abenduan Azpeitian. Abenduan %8,8ko langabezia tasa zuen Azpeitiak –%10,8 emakume zeuden lanik gabe eta %7,1 gizon–; Urola Erdiko (%9), Gipuzkoako (%9,8) eta EAEko (%12,1) batez bestekoaren azpitik zegoen kopurua. Abarisketak dio abuztutik aurrera jaisten joan dela langabezia tasa: "2019. urtearekin alderatuta, egoera guztiz aldatu zen 2020ko martxoan, eta langabezia igo egin zen abuztura bitartean; hortik aurrera jaisten joan da". Biek ala biek diote "orain arteko joera" mantendu dela langabetuen adierazleetan; hau da, lanik gabe daudenen gehiengoa oinarrizko ikasketak dituztenak direla, eta nabaria dela genero arrakala ere.

Ikusitakoa ikusita, Iraurgi Berritzeneko kideek diote azken urtebeteko datuak ez direla "hain txarrak" izan, eta hainbat gauza on ere ekarri dituela izurriteak: "Martxoaren amaierarako egingo dugu beste diagnostiko bat, eskualdeko egoera ekonomikoaren berri emateko. Esan dezakeguna da egoerak elkarren beharra dugula erakutsi duela; konfiantza eta harremana asko hobetu dira". Datozen hilabeteetara begira jarrita, berriz, "ziurgabetasuna" aipatzen dute biek, eta hil honen amaierarako egingo duten diagnostikoan islatuko dela azken hiru hilabeteetako egoera.

Gizarte babesa oinarri

Koronabirusak eragindako ziurgabetasunak eta ezjakintasunak ez zituen herritarrak bakarrik aztoratu. Izan ere, Azpeitiko Udalak bere eguneroko jarduna ez ezik, zerbitzuak eta erakundearen zenbait helburu egokitu egin behar izan zituen egoera berrira. Nagore Alkorta alkateak dio "oso ondo" gogoratzen dela martxoko egun hartaz: "Alarma egoera martxoaren 13an ezarri zuten 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, eta informazioa tantaka iristen zitzaigun instituzioetatik". Alkortak dio Udal Gobernuak argi zuela zerk izan behar zuen erakundearen lehentasuna: "Lehen lana izan zen zer behar sor zitezkeen ikustea eta zaurgarrienak izan zitezkeen kolektiboak identifikatzea".

"Azkar" iritsi ziren udalaren lehen neurriak; halaxe dio Alkortak: "Alarma egoera ezarri eta handik bi egunera, 600.000 euroko laguntza lerroa atera genuen, COVID-19ak kolpatutako sektoreei laguntzeko. Euskal Herrian lehenak izan ginen hori egiten". Horrez gain, 1,7 milioi euro bideratu zituzten egoera berrira egokitutako Ekonomia Sustapenerako Plan Integralera. Boluntario sarea eratzea izan zen udalak 2020ko martxoan hartu zuen beste erabakietako bat, eta, guztira, 130 pertsonak eman zuten izena laguntzeko: "Boluntarioen lana oso garrantzitsua izan zen. Guztira, 2.000 familiari deitu zieten horiek, eta 200 bat pertsonak eskatu zituzten oinarrizko laguntzak. Saretuta dagoen herri bat garela erakutsi genuen". Bestalde, elikagai bankuaren eskaera igo egin zela dio Alkortak; ia 300 familiari banatu zitzaien janaria.

Koronabirusak epe motzeko zein luzeko hainbat plan aldarazi bazizkien ere, Alkortak dio herri proiektuei eusteko aukera izan zutela: "Noizbait iritsiko gara normaltasunera, baina normaltasun horretara nola iristen garen ere oso garrantzitsua izango da. 2020an guretzako garrantzitsuak ziren proiektuei heldu ahal izan genien; esaterako, Larringo industrialdearen proiektuari". Alkortak dioenez, etorkizuneko herri proiektuetarako garrantzitsua izan zen 2020ko udal aurrekontuak eta 2019ko aurrekontuen likidazioa onartuta izatea. Halere, udalaren finantzaketan "zuzeneko eragina" izan zuten murrizketak izan zirela dio: "Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru funtsetik 800.000 euro gutxiago jasoko ditu Azpeitiko Udalak 2021ean; gure lehentasunak finkatuta ditugu, baina egokitzapenak eginda".

Une zailak

Oro har, azken hamabi hilabeteak "zailak" izan badira ere, Alkortak momentu bat nabarmendu du: "Saninazioetarako sekulako kezka genuen eta neurriak asko gogortu genituen kutsatzeak saihesteko. Tabernariekin ordutegiak murriztea adostu genuen". Alkortak dio ez-festak ondo joan zirela, baina abuztuko fokuak "ustekabean" harrapatu zituela: "Nekane Murga Jaurlaritzako orduko Osasun sailburuak informazio xehea ematen zigun; une oso gogorrak izan ziren, baina baheketa masiboa egiteak neurriak zehazten lagundu zigun".

Alkateak badaki datozen hilabeteak ez direla errazak izango, baina argi dituzte lehentasunak: "Udalaren helburu nagusiak gizarte babesa, inor atzean ez uztea eta ekonomia sustatzea izango dira". Ildo horretatik, izurriteak udalaren jarduna baldintzatu eta egunerokotasuna aldatu baditu ere, "lehentasunak birdefinitzeko aukera" izan dutela dio Alkortak, eta horren erakusle dela esku artean duten 2030 Plan Estrategikoa. Alkateak dio udala izan ohi dela "herritarrek jotzen duten lehen atea", eta argi dutela zein den beren egitekoa: "Pandemia honek herritarrengan izan duen eraginei erantzutea dagokigu, eta horrekin batera, normaltasunerako bidean urratsak egin behar ditugu".

Ustekabez betetako urtea

Ana Errasti Azpeitiko anbulatorioko arduraduna da, eta lehen lerrotik bizi ditu pandemiaren etorrerak osasungintzan eragindako gorabehera guztiak. Haren arabera, "urte oso zaila" izan da iragan dena, "ustekabez betetakoa eta lan karga handikoa". Egun batetik bestera, "goitik behera aldatu" zitzaien lan egiteko modua, eta "erronka ugari" izan dituzte urtean zehar: "Aldaketa asko izan ditugu gure eguneroko jardunean. Pazienteak artatzeko modua aldatu behar izan dugu. Bi zirkuitu jarri ditugu osasun zentroetan: bata COVID-19aren sintomak dituzten pazienteak hartzeko, eta bestea sintomarik gabekoentzako". Horrez gain, antigeno eta PCR probak egiteko lekuak egokitu behar izan dituzte, eta lan horiek egin. "Positiboei jarraipena egin eta gomendioak ematen ere ibili gara. Gainera, babes neurriak hartzen ikasi behar izan dugu". Era berean, aurrez aurreko kontsultak murriztu, eta lanaren zati handi bat telefonoz egitera igaro dira. "Horrek bere alde onak eta txarrak ditu. Kontsultak telefono bidez eginda, jendeak ez du bere eginkizunak alde batera utzi beharrik osasun zentrora etortzeko, eta gauza asko konpontzen ditugu telefonoz. Beste askok, ordea, nahiago dute lehen bezala kontsultara etorri. Kasu horietan, pazienteekin lehen hartu-emana telefonoz egiten dugu".

Errastiren esanetan, aurreneko asteak "oso gogorrak" izan ziren. "Protokoloak oso aldakorrak ziren, guk ere kutsatzeko beldurra geneukan, ez zegoen ia materialik, ez genekien zer aldaketa egin behar genituen...". Haren arabera, "unerik gogorrenak" kasuen gorakadak jazo ziren hilabeteak izan ziren. "Lan hori guztia aurrera ateratzea oso gogorra izan zen. Izan ere, lan karga handia genuen, langile falta zegoen, haietako batzuk positibo emanda zeuden… Egun haiek oso luze egin zitzaizkigun, baina hilabetez hilabete egoera aldatzen joan da. Aurreneko olatua kaos moduko bat izan zen; informazio falta zegoen, beldurra... Bigarrengo olatuak, aldiz, emozionalki arrastoa utzi zuen: lan karga, neke ikaragarria, estresa... Orain nekatuta gaude, baina, egoerara egokitu gara, eta hobeto gaudela esan daiteke, elkarrekin lan egiten ikasi baitugu".

Pandemiak erakutsi du osasungintzan "gabeziak" direla, anbulatorioko arduradunaren ustez. "Hasieran material falta genuen, ez genuen maskararik ere. Dena den, gero ikusi da profesionalen falta izan dela gehien nabaritu eta azaleratu dena; batez ere, medikuen falta".

Egoera honetan, "gauza ugari ikasi" dituzte anbulatorioko langileek: "Osasuna guztion esku dagoela, eta ez bakarrik osasun sistemaren esku; babes neurriak oso garrantzitsuak direla, eta horiek errespetatuz gero, kasuek behera egiten dutela; guztion lana ezinbestekoa dela –garbitzaileena, garraiolariena, administrariena eta abar–... Denak izan gara beharrezkoak, eta elkarlanean aritzen ikasi dugu. Horrez gain, erakundeekin harreman zuzena eta koordinazioa izatea garrantzitsua dela ikusi dugu: alkatearekin, udal zerbitzuekin... Halaber, laneko prebentzio zerbitzuen eta aseguruen lanak duen garrantziaz ere jabetu gara".

Aurrera begira jarrita, Errastik uste du gizarte zerbitzuak, hezkuntza eta osasungintza "behar bezala indartu" behar direla. "Pandemiak hori erakutsi digu".

Ana Errasti eta Nagore Alkorta, urriko baheketaren une batean.

Ezinbestean, egoerara egokitzen

Gazteria Saileko hezitzaileen lana ere asko aldatu da urtebetean. Harremanak asko hoztu direla diote, eta haurrekin zein nerabeekin lan egiteko modua desberdina dela. Haurrak "egoerara egin" direla pentsatzen dute; nerabeak, aldiz, "gogaituta" sentitzen direla. Hala diote Azpeitiko ludoteketako eta Gaztelekuko hezitzaileek.

Haiek azaldu dutenez, Gazteria zerbitzuetan "moldaketa ugari" egin behar izan dituzte. "Materialaren erabilera egokitu behar izan dugu, edukiera mugak, txandak, erreserbak... Horrek guztiak eragina izan du zerbitzuetako erabiltzaile kopuruan. Ludoteketan, esaterako, behera egin dute bazkideen kopuruek. Gaztelekuan, berriz, izen-emate asko izan dira, baina une honetan ia egunero nerabe berberak etortzen dira. Gure zerbitzuetara gerturatzeko informaltasuna galdu egin da, eta pandemiak dena planifikatzea ekarri duenez, eragin nabarmena izan du gure egunerokotasunean".

Ludoteken kasuan, musukoa "oztopo handia" izan da haurrekin lan egiterakoan: "Muga bat izan da hitz egiterakoan edo hitzik gabe komunikatzerakoan –irribarreak, aurpegiko espresioak...–. Haur askok eskatu digute ea une batez maskara kendu ahal dugun, gure aurpegiak nolakoak diren ahaztu dutelako, eta hori oso adierazgarria dela uste dugu".

Haurrek aldaketak eta arauak "oso barneratuta" dituztela ikusi dute hezitzaileek, eta pandemiaren gaia "oso presente" dutela. "Nahasmen asko eragiten die zenbait egoerak; adibidez, eremu batzuetan lagunekin ezin egoteak eta kalean zein ikastetxean denak elkarrekin lasai ibiltzeak. Nerabeak, aldiz, kexu agertzen dira; gazteenak oso mugituta sumatzen ditugu, eta helduenak, berriz, nahiko gorabeheratsu".

Asko dira pandemiak azaleratu dituen auziak, hezitzaileen ustez. "Azken urteetan umeek askatasun eta autonomia gehiago izan zezaten egindako lanketek galera handia izan dute. Elkarrekin jolastea, elkarlana, kontaktu fisikoa... guztiz mugatu dira. Asko kezkatzen gaitu horrek guztiak haurren etorkizunean izango duen eraginak; izan ere, berehalakotasuna kendu zaio haurren harremantzeko moduari. Bestetik, oso bizimodu egituratuan bizitzea egokitu zaie, eta indibidualismoa asko areagotu da. Nerabeen kasuan, berriz, bestelakoa da egoera. Lehendik ere nerabeek ez zuten fama onik, eta honek guztiak ez die beren estatusa hobetzeko balio izan. Elkarrekin egoteko eremu gutxirekin gelditu dira, eta nerabeen beharrak sekula baino gehiago gelditu dira agerian".