Koronabirusa Azpeitian

Zertxobait igo da herriko intzidentzia tasa, baina oraingoz egoerak lasai jarraitzen du

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 5a, 13:15

Atzo positibo bat atzeman zuten herrian, eta horrekin, hamabost dira aste guztian zenbatu dituztenak. Lehengo astean baino lau gutxiago dira horiek, baina, hala ere, intzidentzia tasak zertxobait gora egin du joan den ostiraletik: 164,26koa zen orduan eta 223,39koa da gaur. Dena dela, oraindik ere eremu horian jarraitzen du Azpeitiak, eremu gorrian sartzeko 500eko muga horretatik urrun.

Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren bilakaeraren inguruan kaleratu berri dituen datuen arabera, atzo positibo bakarra baieztatu zuten herrian. Horrekin, hamabost izan dira aste guztian zenbatu dituztenak; joan den astean baino lau gutxiago. Hala ere, 100.000 bizntaleko hamalau eguneko intzidentzia tasak zertxobait gora egin du joan den ostiraletik: 164,26koa zen orduan eta 223,39koa da gaur. Dena dela, eremu horian jarraitzen du herriak, egoera lasaian beraz, eta arrisku handiko egoera adierazten duen 500eko muga horretatik urrun.

Eskualdean ere bare jarraitzen du egoerak. Atzo sei positibo hauteman zituzten, 51 izan dira aste guztian, eta 5.000 biztanletik gorako herri guztiak eremu horian daude. Azkoitiak, Zarautzek eta Zumaiak 100dik beherako intzidentzia tasak dituzte. Zumaiak du eskualdeko tasarik txikiena: 91,58. Han bost positibo atzeman dituzte aste guztian; atzo bat bera ere ez. Azkoitiak 91,98ko tasa du, aste guztian lau positibo atzemanda; atzo ez zuten kasu berririk hauteman. Zarautzen hiru positibo baieztatu zituzten atzo, sei izan dira aste guztian, eta 98,51ko intzidentzia tasa dute. Oriok 179,39ko tasa du, aste guztian bi positibo atzemanda; atzo bat bera ere ez.

5.000 biztanletik beherako herrietan, berriz, Zestoakoa da egoerarik kezkagarriena. Atzo bi positibo izan zituzten han, hamabi aste guztian. 616,33ko intzidentzia tasa du herri horrek, eskualdeko altuena, baina herri txikia izanik, ez da Jaurlaritzaren koloreen eskeman sartzen. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten positiborik izan atzo. Azken zazpi egunotako datuei erreparatuta, Aizarnazabalen eta Errezilen positibo bana izan dute, eta Getarian bost izan dituzte. Gainontzekoetan, bakar bat ere ez.

393 positibo, Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko kutsatuen kurban ez zen gorabeherarik izan atzo. Osakidetzak eta Osasunbideak beste 393 COVID-19 kasu detektatu zituzten, herenegun adina. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, ordea, bezperan baino 2.000 test gutxiago egin zituzten atzo, eta, beraz, handiagoa da positiboen ehunekoa: zehazki, atzo 9.059 egin zituzten Hegoaldean, eta horien %4,3k eman zuten positibo. Lurraldeka, Bizkaian 163 positibo zenbatu zituzten, Gipuzkoan 88, Nafarroan 70, eta Araban 67.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako egoerari dagokionean, atzo 56 lagun ospitaleratu zituzten eta, gaur-gaurkoz, COVID-19a duten 378 herritar daude erietxeetan, horietatik 118 Zainketa Intsentsiboetako Unitateetan (ZIU). Joan den ostiralean 61 lagun gehiago zeuden ospitaleetan, eta zortzi lagun gehiago ZIUetan.