Adineko herritarrentzat etxebizitza tutelatuak eraikiko ditu udalak

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 4a, 18:39

Nagore Alkorta alkatea eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua.

Autonomoak diren adineko herritarrentzat izango dira. Elizkalean egingo dituzte eta hamabi etxebizitza izango dira, zortzi logela bakarrekoak eta beste lauak bi logelatakoak. Proiektua eginda eta finantziazioa lotuta dauka udalak, eta lehiaketa publikora aurki ateratzea aurreikusten du. Ondo bidean, datorren urtea bukatzerako bizitzera sartzeko moduan izango dira etxebizitzak.  

Adineko herritarren beharrei erantzuteko asmoarekin, etxebizitza tutelatuak eraikiko ditu Azpeitiko Udalak. Elizkalean egingo ditu etxebizitza horiek —24, 26 eta 28. zenbakietan—; hamabi guztira, zortzi logela bakarrekoak eta beste lauak bi logelatakoak. Autonomoak diren baina egunerokoari aurre egiteko zailtasun edo oztoporen bat duten adineko herritarrentzako etxebizitzak izango dira. Hainbat eratakoak izan daitezke oztopo horiek: bakarrik sentitzen direla, ohiko etxebizitza handiegia dela, irisgarritasun arazoak dituela, eta abar. Etxebizitza tutelatuek adineko horien bizi kalitatea hobetuko dute, bizitzeko beste modu bat eskainita, bai azpiegitura aldetik eta bai zerbitzu aldetik. Izan ere, bizitzeko beharrezko guztia duten etxebizitzak izateaz gain, norbere beharretara egokitutako arreta jasoko dute haietan biziko diren adinekoek. Zerbitzu berria izango da herrian, udalak adinekoei eskaintzen dizkien zerbitzuak osatzera datorrena. Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak azaldu dituzte egitasmoaren nondik norakoak, gaur arratsaldean egin duten agerraldian.

Udalak dagoeneko eginda dauka etxebizitzak eraikitzeko proiektua eta lotuta dauka finantziazioa, eta epe laburrean lehiaketa publikora atera eta lanei ekitea da asmoa. Aurreikuspenak betetzera, 2022a bukatzerako bizitzera sartzeko moduan izango dira etxebizitzak. Bitarte horretan, zerbitzuaren inguruko araudi zehatza egin beharko du udalak: zer profiletako herritarrak sartu ahalko diren bizitzera, zer baldintza bete beharko dituzten, zer zerbitzu jasotzeko aukera izango duten, eta abar.

Udalak zerbitzu berri hori sortzea erabaki du adineko herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. "Azken urteetan adinekoen egoeraren berri izateko eta etorkizunean izan ditzaketen beharrak detektatzeko hainbat azterketa egin ditu udalak, eta azterketa horiek erakutsi digute etxebizitza tutelatuena edo antzerako formulak oso egokiak izan daitezkeela horiei erantzuteko", adierazi du alkateak.

Etorkizunerako prestatzen

Ondorio horretara iristeko SIIS ikerketa etxeak datu errealetatik abiatuta eta 2031rako prospektibarekin herriko demografiaren bilakaeraren inguruan egindako azterketa lagungarri izan zaiela azaldu du Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. "Azterketa hori bi arrazoigatik egin dugu: batetik, demografiaren bilakaera zein izango den datuetan izateko; eta bestetik, 2031 bitartean gizarte zerbitzuek izango dituzten beharren inguruan estimazio bat egiteko". Azterketa horri esker, datu zehatzak dituzte eskuartean. "Badakigu herriko biztanleria zahartu egingo dela, eta bereziki 75 urtetik gorako herritarren taldea izango dela datozen urteetan gehien haziko dena". Zentzu horretan, datu esanguratsuak eman ditu: "65 urtetik gorako herritarrak %27,3 ugarituko dira, gainontzeko biztanleria %7,5 haziko den bitartean. Eta bereziki 75 urtetik 80 urtera arteko herritarrak ugarituko dira, %40 hain zuzen. Oso zaharren talde hori da gehien handituko dena, eta 75 urtetik gorako 850 herritar gehiago egongo dira 2031an".

Ondorioz, mendekotasunak dituzten herritarrak ere ugarituko egingo direla esan du, hain zuzen ere, 2031n %34 gehiago izango direla. "Estimazioen arabera, 2031n 175 herritar egongo dira mendekotasun egoeran edo mendekotasun egoeran izateko arriskuan. 65etik 74ra urte bitarteko herritarren artean, berriz, desgaitasunen prebalentzia jaitsi egingo da, beranduagotu egingo direlako egoera horiek, hainbat faktoregatik: izan daiteke bizi estilo osasuntsuagoa dutelako, mendikuntzako aurrerapenengatik, eta abar. 80 urtetik gorakoetan, berriz, mendekotasun arina duten herritarren kopurua da haziko dena, eta herritar horiek mendekotasun handia izatera irits daitezke urteetan aurrera egin ahala". Beraz, mendekotasun egoerak adinez atzeratzen joango dira, eta hori oso garrantzitsua dela esan du Goenagak, "baieztatzen duelako prebentzioaren lan egitea eta prebentzioan inbertitzea dela biderik egokiena herritarren bizi kalitatea eta ongizatea bermatzeko". 

Datu horiek guztiak aintzat hartuta, Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere lankidetza hitzarmena sinatu zuen iaz, adinekoei zuzenduriko zerbitzu askoren eskumena aldundiarena delako eta ez udalarena. Beharrak handitu egingo direla aurreikusita, behar horiei nola erantzun plan bat egiteko hitzarmena da sinaturikoa.