Akordeoia eta pianoa, ezohiko tandema

Ihintza Elustondo 2021ko mar. 4a, 09:00

Ignacio Arakistainek eta Garazi Navasek osatzen dute Ezust Duo taldea. (Utzitakoa)

Ignacio Arakistain musikari azpeitiarrak Ezust Duo taldea sortu du, Garazi Navas galdakarrarekin batera. Akordeoi eta piano doinuak elkartuta, "ezohiko bikotea" osatu dute. Bi abesti bideoz grabatu dituzte, eta aurrera begirako erronkak zehaztea tokatzen zaie orain.

Ez da geldirik egotekoa Ignacio Arakistain (Azpeitia,1998). "Niri beti gustatzen zait lauzpabost proiektu martxan izatea", dio. Gaur-gaurkoz, badu gutxienez egitasmo bat eskuen artean, 2019an martxan jarria eta orain mundura zabaltzen ari dena: Ezust Duo taldea, hain zuzen ere. Musikari azpeitiarrak Garazi Navas galdakarrekin osatu du bikotea; hark akordeoia jotzen du, eta Arakistainek pianoa. "Tandem polita osatu dugu".

Arakistainek eta Navasek, biek, Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian ikasten dute; han ezagutu zuten elkar. "Musikenen beti ematen digute aukera askotariko egitasmoetan parte hartzeko: Donostiako Hamabostaldiko gazteen zikloan, Kutxa Kulturren... Horrelako ekintza baterako elkartu ginen gu", adierazi du Arakistainek. Azpeitiarrak egin zion proposamena Navasi: "Musikari oso ona da Garazi. Kontzertuetan entzun izan dut akordeoia jotzen, eta izugarri gustatzen zait. Gainera, oso gertuko pertsona da. Musika taldea osatzea zer iruditzen zitzaion galdetu nion, eta berehala erantzun zidan baietz".

Arakistainen arabera, ez da ohikoa pianoa eta akordeoia elkartuta musika talde bat osatzea, baina horren aldeko apustua egin dute beraiek. "Bi instrumentuak polifonikoak dira; hau da, biak gai dira melodia bat baino gehiago jotzeko. Hori dela eta, bi musika tresnak gauza antzekoetarako erabiltzen dira normalean; beste musika tresna batzuei laguntzeko, hain zuzen ere. Dena den, guk aukera ikusi genuen bi instrumentuak elkartzeko, eta uste dut emaitza polita gelditu dela".

Bi bideo ikusgai

Ezust Duo osatu zutenean, hainbat abesti moldatu zituzten pianoarekin eta akordeoiarekin jotzeko; besteak beste, Antonio Solerren doinuak, Argentinako Astor Piazzollarenak, filmetako musika bandak... Errepertorioa osatuta, hiruzpalau kontzertu eman zituzten, baina ondoren, pandemiaren iritsierarekin, ez aurrera ez atzera gelditu zen proiektua. Orain, baina, zerbait egiteko gogoa sortu zaie berriro. "2020ko martxoa iritsi zen, eta kontaktua pixka bat galdu genuen Garazik eta biok. Ikasturtea hasi zenean, ordea, lehengo proiektuei heltzeko gogoa sentitu nuen, eta Garazirekin hitz egin nuen. Zera esan nion: 'Zergatik ez dugu zerbait grabatzen?'. Aurrez aurreko kontzertuak ematea zaila dago orain, eta horregatik, aukera ona iruditu zitzaigun gure musika bideoan jasotzea".

Ideia hori buruan eta Navasen baiezkoa poltsikoan, Kulturaz kooperatibako kideekin hitz egin zuen Arakistainek. "Komentatu nien bideoren bat grabatzea nahi nuela, eta aukera polita iruditu zitzaien. Bideoak zer lekutan graba genitzakeen pentsatzen aritu nintzen, eta Beasaingo [Gipuzkoa] Igartza jauregia etorri zitzaidan burura. Hango arduradunekin harremanetan jarri nintzen, eta jauregian grabatzeko inolako arazorik ez zegoela esan zidaten". Horrenbestez, Kulturazekoek bi abesti grabatu zizkieten bideoan, Igartza jauregian. Dena den, tratu bat egin zuten Ezust Duokoek bi eragile horiekin: grabazio horien trukean, Azpeitian eta Beasainen kontzertu bana eman beharko du bikoteak. "Hori guretzako ideala da, proiektua ezagutarazteko balioko dutelako emanaldiek". Oraindik zehazteko dute noiz izango diren zuzeneko horiek. 

Dagoeneko entzungai daude Youtuben Ezust Duok grabatutako bi abestiak: Antonio Solerren Andantino, 3. Kontzertua Sol Maiorren eta Astor Piazzollaren Invierno Porteño. Emaitzarekin gustura daudela azaldu du Arakistainek: "Bideo batek 900 ikustaldi izan ditu, eta besteak 600 inguru". Orain, aurrerantzean zer bide jarraituko duten zehaztu behar du bikoteak. "Bulegoko lana egitea tokatzen zaigu orain, gutxien gustatzen zaiguna. Ideia da proiektua zabaltzea, ahal bada grabaketa gehiago egitea...". 

Arakistainen arabera, ez da ohikoa pianoa eta akordeoia elkartzea. "Baina ohikoa ez izateak ez du esan nahi erakargarria ez denik. Erakargarria da sortu dugun musika, eta uste dut borobila dela emaitza".