Haurren ekarpenak plan estrategikoan txertatzeko saioak egingo dituzte ostiralean ludoteketan

Mailo Oiarzabal 2021ko ots. 17a, 14:31
Txiki-Txoko ludoteka.

Aurrez ikastetxeetan izena emandakoek parte hartuko dute saioetan, baina izena eman gabeek ere ekarpenak egiteko bideak ireki ditu udalak.

Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa osatzeko prozesuaren barruan, haurren ekarpenak jasotzeko txanda izango du aste honetan Azpeitiko Udalak. Denon Artean etorkizuna. Azpeitia 2030 prozesua ari da gauzatzen udala, "herriko erronka nagusiak" detektatzeko eta plan estrategikoan txertatzeko asmoarekin. "Udal teknikarien eta politikoen lanketaren ostean, 50 bat herritarrek parte hartu duten bi saioko jardunaldia egin da. Horren ostean, ostiralean, haurren txanda izango da. Herria berramesteko saioa egingo da herriko ludoteketan", azaldu dute.

Prozesuaren helburua "Azpeitiak etorkizunean izan beharko lukeenaren inguruko adostasuna eta ikuspegi partekatua lortzea eta hori gauzatu ahal izateko proiektuak zehaztea" dela zehaztu du udalak, eta ikuspegi partekatu hori osatzeko haurren iritziak ere aintzat hartzeari garrantzia eman diote, herri hezitzailearen filosofiarekin lotuta herrian dagoeneko egiten hasia den ibilbidea kontuan hartuta: "Haurtzaroaren kultura abiapuntu gisa hartu, eta haurrak erdigunean kokatzen dituen partaidetza kultura sustatzea nahi da. Azpeitia hobe bat egiteko oso lagungarria izan daitezke haurren ikuspegia eta hitza, eta horregatik egingo da saioa ostiralean. Nerabeekin iaz egin zen parte hartze prozesu bat, eta han bildutako proiektuak eta ekarpenak ere jasoko dira plan estrategikoan".

Parte hartzeko bideak

Ostiralean, herriko bi ludoteketan egingo dituzte umeekin parte hartze saioak. Berez, otsailean egitekoak ziren azkenean aste honetan gauzatuko dituzten bilkurak, baina herriko egoera epidemilologikoa ikusita, atzeratzea erabaki zuten.

Etzi, aurrez ikastetxeetan izena emandako haurrekin egingo dituzte saioak ludoteketan, baina saio horietarako izena eman ez duten herriko haurrek ere izango dute, hala nahi izanez gero, beren ekarpenak egiteko aukera. Horrela, "idatzi, marrazki edo bestelakoak" bidal ditzakete umeek gazteria@azpeitia.eus e-posta helbidera; edo, Whatsapp bidez, 688 758 765 telefono zenbakira.