Bestaldetik

Bizitza bat dantzari eskainia

Julene Frantzesena 2021ko mar. 13a, 14:27

Luis Alberdi 'Beltza'. (Julene Frantzesena)

Dantzari eskaini dio ia bizitza guztia Luis Alberdi Beltzak. Dena den, baditu afizio batzuk, hala nola bidaiatzea. 11 urteren ostean, urtarrilaren bukaerarekin itxi zuen Erdikalean zuen gizonezkoen arropa denda. 2021eko otsaileko Uztarria aldizkarian bera da Bestaldetik ataleko protagonista.

Ezizen batzuek badute indarra, eta horietako bat da Luis Alberdirena. Izen-abizenez askok ezagutzen dute, baina horiei ezizena gehituz gero, are gehiagok. Luis Alberdi Beltza (Aizpurutxo, Azkoitia, 1966) aipatuta, nori ez datorkio burura dantzaren mundua? Ez da kasualitatea; izan ere, bizitzaren ia %90 dantzari lotuta darama Beltzak.

Dantzan lehenik, eta dantzak irakasten ondoren; bietan eman ditu eta daramatza urteak. Taldean ala bakarka, txapelketan edo aisialdian, dantzak garrantzi handia izan du azkoitiar azpeitiartuaren bizitzan. Urteak pasatu badira ere, ondo gogoan ditu hastapenak: "Arreba eta biok tokadiskosa jarri eta dantzan aritzen ginen etxean. Egun batean, ezkontza bateko kideak etorri ziren familiako jatetxera afaltzera, eta afalostean dantzan hasi ziren. Ni ere batu egin nintzen saltsara, eta soinu jotzaileak esan zidan dantzak ikastea nahi al nituen". Zalantza handirik egin gabe hartu zuen Maltzeta zenaren eskaintza. "7 urterekin astean bitan Osintxura [Bergara, Gipuzkoa] eta Soraluzera [Gipuzkoa] joaten ginen dantzara. Maltzetaren alaba Mari Karmenekin aritu nintzen aurrena txapelketetan, eta gero Nekane Arrietarekin; arreba Kororekin ere aritu nintzen sasoi batean".

Txapelketen ibilbidea jendeak ohi baino beranduago utzi zuen Beltzak: "40 urterekin laga nituen txapelketak, 31 urtez horretan arituta. Gainera, Itsasin urte batzuk egin nituen, baita ondoren Sahatsan ere". Beltzak 16 urte zituela egin zituen dantza eskola martxan jartzeko lehen urratsak, Sanjuandegiko pare bat haurrekin. Hala oroitzen du sasoi hura: "Familiako jatetxeko sukaldean hasi nintzen bizilagun batzuei saioak eskaintzen; neska koskor batzuek dantzan ikasi nahi zuten, eta... Bi haur haiek dantzan ikusi zituzten eskolako jaialdi batean, eta ume gehiago animatu ziren". 38 urte beteko dira aurten Beltza dantza irakasten hasi zenetik, eta horretan segitzen du, lehen eguneko ilusio berberarekin. "Gaur egun dantzan dabiltzan neska-mutilen guraso asko nire ikasle izandakoak dira", azaldu du barrez.

Dantzari esker

Zatirik handiena eskaini badio ere, dena ez da dantza Beltzaren bizitzan. Hala eta guztiz, zaila egiten zaio azkoitiarrari dantza aipatu gabe minutu bat pasatzea: hiru ordu laurden bueltako elkarrizketan, modu batean edo bestean dantzak hartu du protagonismo nagusia. Izan ere, hark aitortu duenez, berarentzat "ihes egiteko modu bat" da.

Dantzak gauza garrantzitsu bat ere eman dio Beltzari: lagunartea. "Izugarrizko lagun pila egin nituen dantzari lotuta, eta txapelketetan ere jende asko ezagutzeko aukera izan nuen". Txapelketen mundua ere "asko" aldatu dela uste du, zentzu horretan. "Orain lehiakortasun handia dago. Lehen gauzak ez ziren horrela. Lehen txapelketan dantza egin eta poteora joaten ginen dantzariok, afariak ere egiten genituen... Orain, dantzan egin, eta bakoitza bere aldetik joaten da". Dantza irakasleak "inbidia" handia sumatzen du: "Baina ez umeen artean, batez ere gurasoen artean".

Dantzak bidaiatzeko aukera ere eman dio azpeitiarrari. "Asko gustatzen zait bidaiatzea, kultura desberdinak ezagutzea, jendearekin hitz egitea… eta horretarako aukera ederra eman dit dantzak. Esperientzia izugarri onak bizi izan ditut urteotan". Haren ustez, gainera, oso garrantzitsua da norbere herrialdean nahiz besteenetan zer dagoen jakitea: "Horrek zer pentsatua eman eta gauza asko baloratzen laguntzen du".

Aisialdirako ere, dantza aukeratzen du askotan Beltzak: "Balleta eta musikalak asko gustatzen zaizkit, eta Biarritzera [Lapurdi], Bilbora edo Donostiara joan izan naiz emanaldietara. Balleta nire pasioetako bat da, hori ere dantzari lotutakoa, noski. Eta musikalak zer esanik ez: kolore festa hori, mugimendua… Azkena Lehoi Erregea ikusi nuen; izugarria da, jantzietatik hasita"

Ongi Etorri jatetxean hazitakoa da Beltza, familiaren negozioan. Dantzako hastapenak han egin zituen, baita lanekoak ere. "Ni beti izan naiz exkaxa eta txikia, eta sukaldean platerak garbitzeko ez nintzenez arraskara iristen, garagardo kaxen gainean jartzen nintzen", azaldu du barrez. Sukaldean ere aritutakoa da: "Postreak egiten, entsaladak prestatzen… eta zerbitzatzen ere bai. 9 urtetik 15 bat urtera aitari eta amari sukaldean laguntzen nien, eta gero jantokian ere hasi nintzen lanean". Oraindik ere joaten da arrebari laguntzera, hala egokitzen denean.

Dantzaria ez balitz…

Dena den, beste ogibide bat aukeratu zuen duela urte batzuk Beltzak, eta elkarrizketa hau egin zenean –urtarrilak 13– saltokia zabalik bazuen ere, ixteko erabakia hartua zuen ordurako. Are gehiago, urtarrilaren amaieran itxi zuen Erdikalean 11 urtez zabalik izan duen denda. "Gustura aritu naiz, jendea oso ondo portatu baita nirekin; eskerrak eman beharrean nago. Jendearekin hitz egitea eta harremana izatea asko gustatzen zait, eta horretarako aukera izan dut". Ez du baztertzen berriro merkataritzara itzultzea, ordea. "Orain bizi dugun egoera ez da batere ona, eta atseden txiki bat hartuko dut, pare bat urtekoa, baina gero ikusiko dut zer egin". Hala eta guztiz, "pena" pixka bat badu, denda itxiko duelako, moda asko gustatzen zaiolako eta saltokian bizi izan duena etapa "polita" izan delako. "Betidanik gustatu izan zait moda, eta beti izan nuen denda bat irekitzeko ilusioa. Asko gustatzen zait ondo janztea, berezi janztea, eta uste dut hortik datorkidala modarekiko zaletasuna".

Kiroletarako dohain bereziren bat badute Beltzanekoek; izan ere, Alberdi futbolean aritutakoa da gaztetxotan, eta hark dioenez, oroitzapen "oso onak" ditu sasoi hartaz. Haren bi anaia ere futbolariak izanak dira, eta arreba eskubaloian "oso ona" zela gogoratu du. Kirol zaletasuna familiaren ezaugarrietako bat dela dio Beltzak. "Aita zena aizkoran aritutakoa zen, eta ama, berriz, pilotazale amorratua da; ezin izaten du partidarik galdu". Dantzaren bidea hartu zuen Beltzak gaztetxotan, eta badu kirol batean aritu ez izanaren arantza: "Denbora gehiago eta aukerak eduki izan banitu, patinaje artistikoan aritzea gustatuko zitzaidakeen. Itsututa egoten naiz patinatzaileei begira, izugarri gustatzen zaizkit. Hemen ez nuelako horretan aritzeko aukerarik, bestela…"..