Koronabirusa Azpeitian

Hiru positibo atzeman ditu Osasun Sailak herrian

Andoni Elduaien 2021ko ots. 10a, 13:27

Nabarmen ari da jaisten kutsatuen kopurua herrian, baina oraindik ere oso altua da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa: 814, 72koa. Izan ere, azken hamalau egunetan 121 positibo zenbatu dituzte herrian.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du COVID-19aren bueltako datuekin osatutako txostena, eta Osasun Sailak emandako datuen arabera, Azpeitian hiru lagunek eman zuten positibo atzo gauzatutako PCR eta antigeno probetan. Nabarmen ari da jaisten kutsatuen kopurua herrian, baina oraindik ere oso altua da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa; are gehiago, atzo baino zertxobait altuagoa da zenbateko hori gaur: 808,15ekoa zen tasa atzo, eta gaur 814, 72koa da. Dena den, ari da tasa ere pixkanaka behera egiten, nahiz eta azken hamalau egunetako positiboen kopurua altua den oraindik ere –121 kasu atzeman dituzte urtarrilaren 27az geroztik–.

Azpeitia ez ezik, Urola Kostan bada semaforo gorrian segitzen duen beste herri bat: Orio. Atzo, bi kasu positibo zenbatu zituzten herri horretan, eta intzidentzia tasa 1.043,71n kokatu da. 1.255,7ko tasa zuen atzo Oriok; beraz, behera egin du atzotik. Zestoan, aldiz, kasu positibo bakarra baieztatu zuten atzo, eta intzidentzia tasa 487,93an dago gaur-gaurkoz, eremu gorrian sartzetik gertu.

Eskualdeko kasu gehienak Zarautzen zenbatu zituzten atzokoan; izan ere, zortzi kasu positibo hauteman zituzten han –eskualdean 21 positibo, orotara–. Pixkanaka-pixkanaka Zarauzko azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa gora egiten ari da, 346,94an kokatu baita azken egunetako positiboekin. Zarautzen ondoren, Zumaia izan zen atzo kasu positibo gehien zenbatu dituzten eskualdeko bigarren herria: lau kasu berri detektatuta, 366,34 da Zumaiako intzidentzia tasa. Azkoitian, berriz, hiru positibo atzeman zituzten atzokoan, eta intzidentzia tasak ez du gorabeherarik izan atzoz geroztik; 325,46an mantendu da. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten kasu positiborik zenbatu atzo.

Beheranzko joera

Hego Euskal Herrian kasu positiboak apaltzen hasita daude, baina, hala ere, herengun baino kasu gehiago zenbatu zituzten atzoko egindako probetan, guztira 835 kasu positibo zenbatu baitzituzten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.437 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 748 kasu positibo atzeman zituzten. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamahiru pertsonak ere eman zuten positibo. Intzidentzia tasa, beraz, %5,5ekoa izan zen atzo hiru lurralde horietan. Nafarroan, aldiz, 87 positibo zenbatu zituzten atzo egun osoan zehar egindako 3.042 probetan, eta hango positibotasun tasa %2,9koa da.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 547 pertsona daude gaur-gaurkoz erietxeren batean ospitaleratuta, horietatik 165 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) –aurreko eguenan baino zortzi gehiago–. Atzo, guztira, 99 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako erietxeetan. Gaur egun, gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 0,85 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gainera, azken astean, 99 pertsona hil dira koronabirusari lotuta, Osasun Sailak jakinarazi duenez; hirugarren olatuan astebetean hil den pertsona kopuru handiena izan da azken astekoa.

Ostegunero bezala, Eusko Jaurlaritzak bihar gainbegiratuko ditu berriro herriz herrikako intzidentzia tasak.