"Osasun-hondamendia eta erakundeen kudeaketa" salatzeko elkarretaratzea deitu du GKSk zapaturako

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 9a, 19:01
GKSren elkarretaratze bateko argazkia. (Urola Erdiko GKS)

"Azkenaldian areagotzen ari den osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean" mobilizatzeko deia egin du Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS). Azpeitian larunbatean egingo dute kontzentrazioa, 18:00etan hasita, plazan, Osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu! lelo hartuta.

"Osasun-hondamendia, askatasunen ezabapenak eta erakundeen kudeaketa" salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Euskal Herriko hainbat txokotan, eta Azpeitian datorren zapatuan, hilaren 13an, egingo dute elkarretaratzea Urola Erdiko GKSk deituta. 18:00etan jarri dute hitzordua plazan. Osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu! lelo hartuta deitu dute mobilizatzera GKSko kideek.

“Mendebaldeko estatuek pandemiari aurre egiteko duten estrategiaren hutsuneak nabarmenak” direla uste du GKSk, eta “Frantziako nahiz Espainiako estatu kapitalistek eta politikari profesionalek pandemia kontrolpean edukitzeko gaitasun falta" erakutsi dutela seinalatu du. Era berean, koordinadorak azpimarratu du “osasun-arazo bati, osasun-baliabideen horniduraz baino ezin zaiola aurre egin”, eta erakundeen jarrera kritikatu du: “Burgesiak, kontrara, osasun-larrialdiari aterabide poliziala eman dio". Agintariei leporatu diete "gizartea epidemiologikoki babesteko eta osasun-baliabideak indartzeko beharrezkoa den gasturako interesik ez” izatea. “Irabazirik sortzen ez dien gasturik egitekotan, nahiago dute puntako armagintza handitzea eta polizia-baliabideak indartzea", ondorioztatu dute. Gainera, haien “ardura politikoa estali nahian, gazteria jo-puntuan” jarri dutela salatu du GKSk: “Mediatikoki kriminalizatzen ari dira gazteria, birusaren hedapenaren ardura leporatuz”.

Askatasunak kolokan

Era berean, GKSk salatu du "politikari profesionalek askatasun zibil eta politikoak ezabatu” dituztela azken hilabeteetan, eta kezka adierazi du horrek aurrera begira ezar ditzakeen "aurrekari politiko zein juridiko arriskutsuak” direla-eta. Halaber, iazko azaroan egin bezala, “salbuespen egoera politikoa” gaitzetsi dute Gazte Koordinadora Sozialistako kideek: “Frantziako Gobernua, Espainiakoa eta EAJ EAEn, gainontzeko alderdien konplizitatearekin, oinarrizko giza eskubideak –biltzeko askatasuna, mugikortasun askerako eskubidea…– ezabatzen ari dira. Kriminalizazioaren, errepresioaren eta askatasunen ezabapenen bitartez egin nahi diote aurre pandemiari”. Horren harira, joan den larunbatean Azkoitian jazotako erasoak salatu ditu Urola Erdiko GKSk, eta "antolatzearen beharrezkotasuna" aldarrikatu du. 

Hori guztia, gainera, "krisialdi ekonomikoan" kokatu du GKSk, eta nabarmendu du, “handitzen” ari dela “langileria xumearen pobrezia eta askatasun eza”.