Koronabirusa Azpeitian

Intzidentzia tasak gorantz jarraitzen du, gelditzeko itxurarik gabe

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 29a, 13:43

Atzo beste hamabost positibo baieztatu zituzten herrian, eta berriz ere koska bat gora egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak: 1.254,93 da egun, eta 716,16 zen joan den ostiralean.

Joan den astea txarra izan bazen, aste hau zer esanik ez. Atzo beste hamabost positibo baieztatu zituzten herrian, 110 izan dira astebetean, eta berriz ere koska bat gora egin du intzidentzia tasak: 716,16koa zen joan den ostiralean, eta 1.254,93koa da gaur.

Azken bi asteotako datuak kontuan hartzera, 191 kasu zenbatu dituzte herrian; hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500en azpitik kokatzeko gehienez egon daitezkeen 75 kasuak baino askoz gehiago. Eta okerrena da oraindik ez dela nabari goranzko joera hori hautsiko den zantzurik. Infografian argi ikus daiteke hori: lerroa gorantz doa, ia zuzen. Eremu gorriko herriei Eusko Jaurlaritzak ezartzen dizkien murrizketak indarrean daude joan den astetik, eta baita udalak hartutako aparteko neurriak ere asteartetik, baina oraingoz datuetan ez da antzematen horien eraginik.

Eskualdean, gorabehera handiak

Zestoan ere antzekoa da panorama. Beste hiru positibo atzeman zituzten atzo, 25 izan dira astebetean, eta 1.206,99koa da intzidentzia tasa. 5.000 biztanletik behera dituenez, ez da Jaurlaritzaren koloreen sisteman sartzen, eta murrizketak ezarri ala ez erabakitzeko garaian hainbat aldagai izaten dituzte kontuan; besteak beste, astebetean bi positibo edo gehiago izan diren herrian eta osasun eremuko intzidentzia tasa 500etik gorakoa edo beherakoa den. Zestoa sartzen den osasun eremuko egoerak nabarmen egin du hobera azken egunotan, baina herrikoak kontrako bilakaera izan du; beraz, han ere indarrean dituzte murrizketak.

Azkoitian askoz hobeto daude, baina han ere bilakaera ez da ona. Atzo zazpi positibo baieztatu zituzten han, 32 astebetean, eta 500eko langa horretara gerturatzen ari da hango intzidentzia tasa; 442,29ko tasa dute egun eta 382,88koa zuten joan den ostiralean.

Errezilen, berriz, hiru positibo izan dituzte astebetean —atzo bat ere ez—, eta 483,09koa da intzidentzia tasa. 500era iritsi ez denez, oraingoz Jaurlaritzak ez du zerrenda gorrian sartu, baina Azpeitiaren osasun eremuan egoteak kalte egin lekioke.

Aizarnazabalen ez dute positiborik zenbatu aste guztian, eta gaurtik zabalik dira ostalaritzako establezimenduak eta udal eraikinak, eta baimenduta dute taldean kirola egitea ere. Beizaman ere ez dute positiborik zenbatu aste guztian.

Kostako herrietan, Orioko egoera da kezkagarriena. Atzo beste 11 positibo baieztatu zituzten han, 52 astebetean, eta 1.304,63koa da intzidentzia tasa; eskualdeko handiena. Aiako egoera ere ez da askoz hobea. Atzo bost kasu atzeman zituzten han, hamabost izan dira astebean, eta 957,18koa da intzidentzia tasa. 5.000 biztanletik behera dituenez, momentuz Jaurlaritzak ez du murrizketarik ezarri han, baina Orioko egoeraren eraginez osasun eremuko intzidentzia tasa 496,93koa da dagoeneko, eta joera azkar aldatu ezean, oso litekeena da datozen egunetan Aian ere ostalaritza itxi eta taldeko kirola debekatu behar izatea.

Zumaian, ostera, nabarmen egin du hobera egoera. Aste guztian hamabost positibo iza dituzte han, atzo bat bera ere ez, eta 500etik jaitsi da intzidentzia tasa. Asteartera bitartean itxita dute ostalaritza eta debekatuta taldeko kirola, baina astelehenera bitartean eremu laranjan jarraitzen badute, murrizketak kenduko dizkie Jaurlaritzak. 

Zarautzen askoz lasaiagoa da egoera. Atzo bederatzi positibo zenbatu zituzten arren —aste guztian 32 izan dira—, eremu horian jarraitzen du, 265,56ko intzidentzia tasarekin. Beste horrenbeste Getarian ere. Atzo positibo bat baieztatu zuten han, astebetean hiru, eta 176,68ko intzidentzia tasa du.

Atzo, guztira, 51 kasu atzeman zituzten Urola Kostan, eta 287 izan dira joan den ostiralaz geroztik zenbatu dituztenak.

1.500dik gora Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 1.511 positibo atzeman zituzten atzo, azaroaren 13tik izan den kopururik handiena —1.640 kasu berri izan ziren egun hartan—. Egindako proba kopurua ere nabarmen igo da. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arabera, 20.833 proba egin zituzten atzo; beraz, %7,3 izan da positiboen ehunekoa.

Lurralde bakoitzaren egoerari erreparatuz gero, Bizkaia da okerrena dagoena: beste 714 kasu atzeman zituzten. Gipuzkoan 357 izan ziren —azaroaren 21etik erregistratutako daturik txarrena—; Nafarroan 247 eta Araban 178.

Egoera hori izanda, ospitaleak ere betetzen ari dira etengabe. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, beste 86 lagun ospitaleratu behar izan dituzte. Orotara, koronabirusa duten 745 lagun daude ospitaleratuta Osakidetzako erietxeetan; horietako 140 larri daude, ZIUetan.