Nork nahi du armiarma bat?

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren 2019ko abe. 24a, 10:02
(Itziar Aranguren)

Olatx Arangurenek 2019ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Armiarma bat agertu zait etxeko sabaitik zintzilik. Jostari. Tamaina txikikoak direnean ez dut menpean hartzeko arazo handiegirik izaten. Bera edo ni. Espazio berean ezin garela bizi negoziatzen saiatzen naiz, alde egiteko aukera eskaini, oinetako zola erakutsi aurretik. Ez dakit psikoanalistek zer esango luketen gaiaz, baina niri armiarma hanken mugimenduak ezinegona sortzen dit; nire azalean gora irudikatzen ditut, kontrolik gabe. Eta ikara.

Denok izaten ditugu aurre egin beharreko beldurrak, beharrezkoak omen iraun ahal izateko. Oraindik aurre egiteko prest ez gauden egoeretatik alde egiteko balio digute, baina batzuetan egoera horiek pilatu egiten zaizkigu. Korapilatu.

Aita hil berri zaion ikasleari besarkada bat ematea, atzo zeure onetik atera zintuenari irribarre bat eskaintzea, egun txarra izan duena kontsolatzea, hitzarekin jolas egiten saiatzea, ume izatetik ateratzen ari direnei babes gune bat luzatzea, gizarteak onartu nahi ez dituenei leku bat badutela sentiaraztea, edozein izanagatik ezinbestekoak garela azpimarratzea. Horiek eta gehiago egun bakarrean bizitzea/egitea suertatu zaizkidanak. Eta hobe ez pentsatu egiteke geratu direnetan. Zorionekoa naiz guzti honetan nire ekarpena egin dezakedalako. Baina bidea aldapatsua da.

Beldurgarria, baina ederra

Ez da erraza jendearekin lan egitea. Norbere burua zalantzan jartzea eskatzen du, beldurrak onartu, bildu eta aurrera egiteko adorea bilatzea. Espero ez zenituen ateak zeure borondatez irekitzea. Iritsi ezinaren sentsazioarekin aritzea. Egitera iristen zarenari balioa ematen ikastea. Lanaldi osoan ez bazaude, hilaren bukaerara nola iritsiko zaren beldurrez egotea. Eta hala ere, zeinen ondo bizi garen irakasleak.

Beldurra eragiten diguten egoeren aurrean atzerantz egiteko joera daukagu. Ostruken antzera nahiko genuke burua lurperatu, ez ikusiak izan. Edo behintzat guk ez ikustea. Baina ezin etengabe burua lurpean mantendu.

Sentitzen dena onartzeari, adierazteari, ohetik jaikitzeari, barkamena eskatzeari, desberdina denari, aldaketari, iluntasunari, ezezagunari, hutsuneari, bakardadeari edo galtzeari diogu beldurra. Korapiloak askatzeko balio duten hariak eten egiten zaizkigu. Egoskorkeriak irabazten digu batzuetan, arrazoia edukitzearen edukitzeaz galtzeraino. Patxada eta sormena beharrezko zaizkigu edozein egoerari aurre egiteko. Bizitzarengan nahiz norberarengan konfiantza izatea. Pausoa ematera ausartzea, nahiz eta gorputz osoa dardaraz nabaritu.

Aurrera egiteko gaitasuna daukagu hala ere. Edozertara ohitzen gara. Erosotasuna ematen diguten guneak saretzen ditugu, eta ondoren etor daitezkeen aldaketak oztopatzen saiatu, gure ongizatea eternitateraino luzatzeko asmoz. Etortzeko dagoena blokeatu daukagunari eutsi nahian. Joera gizatiarra da, kostatuta lortutakoa ez da galtzerik nahi izaten. Eta bizitza zerbait izatekotan ez ote aldaketa? Ezezagunari aurre egitea eta datorrena onartzea?

Neguak, euriak, hotzak ez digu gehiegi laguntzen gure erosotasunetik atera eta bide berriei ekiteko. Batzuetan, armiarmak zintzilikatzen zaizkigu etxe barreneko egur tarteetatik, eta ez deusa dirudienak nahi baino gehiago aztoratzen gaitu, zerbait egitera bultzatu. "Adorea, beldurrari irabaztea zela ikasi nuen, ez beldurrik ez izatea", zioen Nelson Mandelak. "Ausartena ez da beldurrik sentitzen ez duena; ausartena beldur hori menderatzen duena da".

Armiarma inguratu, kristalezko potoren batean sartu eta beste nonbaiten aske uztea. Horra datozen egunetako nire zeregina. Beldurgarria da, baina ederra aldi berean. Norbaitek hartuko luke armiarma bat etxean?