Astigarragaren kontra jokatuko du Azpeitiak Herriartekoaren finala

Uztarria.eus 2019ko eka. 23a, 12:17

Atano III.a pilotalekuaren kanpoaldea.

Orain dela hiru urte ere Azpeitiak eta Astigarragak neurtu zituzten indarrak Gipuzkoako Herriartekoaren finalean, eta pilotari azpeitiarrak izan ziren nagusi. Zapatuan 16:30etik aurrera izango da finala, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Orain dela hiru urteko gisan, Azpeitiak eta Astigarragak neurtuko dituzte indarrak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalean. Izan ere, atzo, zapatua, jokatu zituzten finalerdietako itzulerako norgehiagokak Ataunek eta Astigarragak, eta Astigarragak lortu zuen finalerako txartela, 2 eta 1 nagusituta –joanekoan ere 2 eta 1 irabazi zuen–. Datorren zapatuan Donostiako Atano III.a pilotalekuan izango da finala, 16:30ean hasita.

Bestalde, Azpeitiko pilotariek datorren asteartean entrenamendu saio berezia egingo dute Atano III.a pilotalekuan, 18:00etatik 20:30era bitartean. Astigarragakoek, berriz, asteazkenean egingo dute Atanoko lan saioa. Finaleko materialaren hautaketa, berriz, partiden egunean bertan egingo dute, 15:30ean hasita.

Azpeitiak iaz zazpigarren aldiz irabazi zuen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Oiartzun 3 eta 0 mendean hartuta. Aurretik, 2004an, 2008an2010ean, 2015ean, 2016an eta 2017an jantzi zuen Herriartekoaren txapela. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia; izan ere, txapelketaren ibilbide osoan lau txapel jarraian eskuratu dituen herri bakarra da.