Zezenak erdigunean jarrita, aurkeztu dute saninazioetako zezenketen kartela

Uztarria.eus 2019ko eka. 21a, 13:33

Ezkerretik eskuinera, Angel Tellez toreatzailea, Javier Beobide batzordeko kidea, Joxin Iriarte batzordeko presidentea, Txetxu Iriarte batzordeko kidea, Jorge Urizar kartelaren egilea eta Agustin Lizarralde zinegotzia.

Aurtengo zezenketak iragartzeko kartela Jorge Urizarrek egin du, eta hark Jose Venturaren omenezko –Azpeitiko zezen plazan hil zen banderilleroa– hileta Zortzikoa irudikatu du margolan koloretsu batean. Hiru zezenketa izango dira uztailaren 31tik abuztuaren 2ra bitartean Azpeitiko zezen plazan, 18:30ean hasita. Uztailean hasiko dira abonuak egiten eta berritzen nahiz sarrerak saltzen.

Atzo aurkeztu zuen Azpeitiko Zezenzale Batzordeak datozen San Inazio jaietarako prestatu duen zezenketen kartela Basazabal jauregian, eta aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten Joxin Iriarte Azpeitiko Zezenzale Batzordeko presidentea, Alfredo Casas kazetari eta zezenketetako kritikoa eta Angel Tellez toreatzailea. Aurtengo zezenketak iragartzeko kartela Jorge Urizarrek egin du, eta hark Jose Venturaren omenezko –Azpeitiko zezen plazan hil zen banderilleroa– hileta Zortzikoa irudikatu du margolan koloretsu batean. Aurkezpenean Casasek azaldu zuenez, Azpeitiko plazaren pertsonalitatea azpimarratu du kartelaren egileak: "Zezenketen munduan zaila da zaleak kartelarekin identifikatzea, baina lortu du".

Hiru zezenketa izango dira uztailaren 31tik abuztuaren 2ra bitartean Azpeitiko zezen plazan, 18:30ean hasita. Ana Romero –iazko irabazlea– (Cadiz, Andaluzia), Salvador Gavira (Cadiz, Andaluzia) eta Murteira Grave (Mourão, Portugal) ganadutegietako zezenak izango dira Azpeitiko zezen plazan hiru egun horietan. Hilaren 28an, berriz, desenkajonamendua izango da zezen plazan, 19:00etan hasita. Azpeitian izango diren bederatzi toreatzailetatik seik debuta egingo dute: David de Miranda, Juan Leal, Angel Tellez, Gines Marin, Adrian Salenc eta Tomas Angulo. Horiekin batera, baina, izen handiko toreatzaileak ere izango dira Azpeitiko zezen plazan, hala nola Curro Diaz, Daniel Luque eta Pepe Moral.

Azpeitiko zezenketen antolatzaileek feriaren erdigunean zezena jartzen dutela ere nabarmendu zuen Casasek. "Pertsonalitate handidun zezenak ekartzen dituzte Azpeitira, eta eta hiru egunetako animaliak oso desberdinak izango dira; horrek aberasten du festa". Hark azpimarratu zuenez, Azpeitiko Zezenzale Batzordeak "egoerara" egokitzen jakin du: "Azpeitian toreatzaile garrantzitsuak ikusi ditugu, eta toreatzaile gazteak ere bai. Zezenaren aldeko apustua egin zuen batzordeak, eta toreatzaile gazteei edo gutxi toreatzen dutenei aukera ematea erabaki zuen". Joxin Iriarte batzordeko lehendakariak ere ildo beretik hitz egin zuen: "Zoratuta nengoela esan zidan behin ganadutegi baten jabeak, baina Azpeitian debuta egin duten toreatzaileak urrunera iritsi dira gerora".

Abonuak eta sarrerak

Zezenketetarako abonuak berritzeko edo berriak egiteko aukera izango da uztailaren 8tik 20ra bitartean, bi egun horietan barne. Gero, uztailaren 22an, jarriko dituzte sarrerak salgai. Plaza Txikiko Gazte Informazio Bulegoan, Udaltzaingoaren ondoan, izango da abonuak berritzeko eta sarrerak erosteko aukera: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara bitartean; eta larunbatetan nahiz jaiegunetan, 11:00etatik 13:00etara.

Uztailaren 28an desenkajonamendua izango denez, zezen plazako leihatilan salduko dituzte zezenketetarako sarrerak, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik aurrera. Egun horretatik aurrera, hau da, uztailaren 29an eta 30ean, 18:00etatik 20:00etara ere eskuratu ahal izango dira sarrerak, zezen plazan. Bestalde, zezenketen egunetan ere izango da txartelak erosteko aukera, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik aurrera.

Honako hau da aurtengo zezenketak iragarriko dituen kartela.