Bakardadearen kaperaren inguruko liburua aurkeztu dute

Uztarria.eus 2019ko eka. 10a, 15:07

Miren de Miguel liburuaren egilea eta erakundeetako ordezkariak Azpeitiko kapera errenazentistaren liburuaren aurkezpenean.

Nicolas Saez Elola kapitainak agindu zuen Azpeitiko parrokian dagoen Bakardadearen kapera eraikitzeko hil zenean, eta Miren de Miguel ikerlariak kaperaren historiari buruzko liburua aurkeztu du. Saez Elolak Perun egindako "sarraskia" eta Azpeitiko kapera errenazentistaren ondare "kultural" eta "historikoa" uztartu dituzte liburuan. Ostegun honetan jendaurrean aurkeztuko dute liburua, parrokiako kaperan bertan, 18:00etan; De Miguelek Bakardadearen kaperaz egindako tesia jasotzen duen liburua ere aurkeztuko dute orduan, eta biak eskuratzeko aukera izango dute herritarrek.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen Errenazimentuko horma-pintura bakarrenetakoa da Azpeitiko Bakardadearen kapera, eta haren historia biltzen duen liburua aurkeztu dute gaur, astelehena, kaperan bertan. Miren de Miguel Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria izan da liburuaren egilea; Azpeitiko kapera errenazentistaren margoetan oinarritutako tesia idatzi zuen De Miguelek duela urte batzuk. Harekin batera izan dira liburuaren aurkezpenean Eneko Etxeberria Azpeitiko jarduneko alkatea, Mikel Diez Sarasola Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko Kultura zuzendaria eta Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia. Egileak eta erakundeek Azpeitiko kaperaren "ondarea" azpimarratu dute.

De Miguelek kaperak duen "garrantzia" azpimarratu nahi izan du; gaineratu du Azpeitiko kapera Italian aurki daitezkeen "tenplu txikien" parekoa dela. Hark azaldu duenez, Saez Elolak hil aurretik "bere omenez" kapera hau eraiki zedin eskatu zuen, Perun "inkei ostutako" urrearekin, eta De Miguelek azaldu du "garaiko intelektualek" Saez Elolak Perutik ekarritako urre hura erabilita lortu zutela kapera egitea. Azpeitiko kaperak "hiru diziplina artistiko" batzen dituela azaldu du, eta "oso arraroa" dela horrelakoak inguruan topatzea. De Miguelek eskerrak eman dizkie kaperaren zaharberritze prozesuan lanean ibili diren erakunde eta norbanakoei, kaperaren "ondarea" mantentzeko egindako lan guztiagatik.

Etxeberriak Saez Elolaz hitz egin du; hark duela mende batzuk Perun egindako hilketak izan ditu hizpide jarduneko alkateak, eta azaldu du han "harrapatutako diruarekin" egin zuela Azpeitiko kapera errenazentista Elolak. Halere, Etxeberriak aitortu du Saez Elolak herrialde hartan egindakoez gain, kaperaren "balio historikoa" ere baloratu dutela liburuan. Diez Sarasolak, bere aldetik, aldundiak egindako "ekarpen ekonomikoa" azpimarratu du; l¡buruaren argitalpena diruz laguntzeaz gain, aldundiak kaperaren berritze lanak ordaindu baitzituen 2002tik 2006ra bitartean. Azkenik, Agirrek azaldu du "mugarria" izan zela Italiako Errenazimentua Euskal Herrian XVI. mendean, eta Azpeitiko kapera mugimendu hark ekarritako "altxor artistikoetako bat" dela esan du. Halaber, gaineratu du duela urte batzuk kaperaren zaharberritze lanekin hasitako lana "borobildu" egiten duela De Miguelen liburuak.

Jendaurreko aurkezpena

De Miguelek bi hizkuntzatan, euskaraz eta gaztelaniaz, argitaratu du Azpeitiko Bakardadearen kaperaren liburua. Horrez gain, ikerlariak egindako tesia ere argitaratu du Aranzadi Zientzia Elkarteak; bertan, kaperaren inguruko informazio "zehatzagoa" argitaratu dute, egilearen esanetan.

Bi liburuak datorren ostegunean, ekainak 13, aurkeztuko dituzte herritarren aurrean kaperan bertan, 18:00etan, eta bertan eskuratu ahal izango dira bi argitalpenak.