Txirrindularitza proba eta Ruandaren aldeko lasterketa solidarioa egin dituzte Sanjuandegin

Uztarria.eus 2019ko eka. 8a, 22:38

Mantangorri txirrindularitza proba eta Ruandaren aldeko lasterketa solidarioa izan dira gaur Sanjuandegin. 16:00etatik 17:00etara egin dute kimu eta infantil mailako txirrindulariek Mantangorri probaren bosgarren edizioa. Infantil mailan, mutilak soilik lehiatu dira, eta honako hauek izan dira lehen hiru sailkatuak: Gari Ugarte, Unax Errasti eta Aritz Aranbarri. Kimuen kategorian, mutiletan, Odei Salaberria, Jon Sanchez eta Alex Davila izan dira ibilbidea osatzen aurrenak, eta nesketan, Arga Saez, Ainhitze Lopez de Aretxabaleta eta Arantxa Anduaga. Federatutako txirrindulariek parte hartu dute Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatu duen lasterketan.

Ondoren, 17:30 aldera, hasi da Azpeitiko kooperazio taldeak, Sanjuandegiko Festa Batzordeak eta Xeye atletismo taldeak antolatutako lasterketa solidarioa. Hainbat urtez egin zen Sanjuandegiko festetan krosa, baina haren antolatzaileek egiteko horri uztea erabaki zuten, eta herriko hiru eragile hasi ziren kutsu solidariodun lasterketa prestatzen. Orduz geroztik, urtero herrialde bat lagundu dute krosean bildutako diruarekin: lehen urtean, Nepal; bigarrenean, Sahara; hirugarrenean, Peru; laugarrenean, India; eta aurtengoan, Ruanda. Lasterka egiteaz gain, Ruandari elkartasuna adierazteko aukera izan dute parte-hartzaileek. Probak bukatzean, txokolate bokata izan da parte hartzaile guztientzat.