Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri omendu dituzte Ekain aurkitu zutela 50 urte bete direnean

Uztarria.eus 2019ko eka. 8a, 17:17

Gaur, ekainak 8, 50 urte bete dira Ekain kobazuloa aurkitu zutenetik, eta atzo, ostirala, kobazuloa aurkitu zutenak omendu zituzten Donostiako Viktoria Eugenian: Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri azpeitiarrak, Antxieta arkeologia taldeko kideak. Albizuri zenaren alargunak, Maria Jesus Arregik, ordezkatu zuen senarra ekitaldian. 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia izan zen atzokoa, eta Ekain Fundazioak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ekainberrik antolatu zuten, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, eta Donostiako, Debako eta Zestoako udalen babesarekin. 

Aitortzaren aurretik, 50. urteurrena ospatzeko osatu duten 20 minutuko dokumentala aurkeztuko zuten Donostian –hor ere jaso dituzte Antxietakoen lekukotzak–, eta musika eta dantza ere ez ziren falta izan ekitaldian. Ekaingo kobazuloan bizi ziren gizakien bizimodua oholtzara eramango zuten, "modu sinbolikoan”, Tanya Tagaq abeslari inuitak, Dantzaz konpainiak, Donostiako Orfeoi Gazteak, Ainhoa Aierbe aktoreak eta Xabier Anuntzibai margolariak.