Aktore gaztetxoek beren talentua erakutsi dute Sanagustinen

Uztarria.eus 2019ko eka. 7a, 23:13

Herriko hainbat haurrek eta nerabek ikasturte honetako antzerki saioetan ikasitakoa jendaurrean erakutsi dute gaur, Sanagustin kulturgunean. Bi antzezlan ikusi ahal izan dira, 18:30ean hasita: talde batek Urrutiko gizakiak lana taularatu du, eta besteak, Hondamendia. Alaitz Olaiazola da antzerki tailerreko gidaria, eta haren zuzendaritzapean egin dituzte obrak. Hori bai, Olaizolaren arabera, ikasleen ideietatik sortutako lanak dira taularatu dituztenak.

Hondamendia lanean, ezbehar handi baten ostean gizakia zertara iristen den eta halakoetan zer beldur dituen azaleratu dute ikasleek; Urrutiko gizakiak obran, berriz, honako hau da galdera: "Zein da urrutikoa, gu ala Amazoniako indigenak?". Jende ugari bertaratu da emanaldiak ikustera.