107 lagunek eman dute izena igandeko ibilaldi neurtuan

Uztarria.eus 2019ko eka. 7a, 15:00
Duela bi urteko ibilaldi neurtuko irudia.

Lagun Onak Mendi Bazkunak datorren igandean –ekainak 9– egingo du ibilaldi neurtua, eta oraingoz, 107 lagunek eman dute izena martxan. Dena den, egunean bertan ere izango da izena emateko aukera. Aurten, plastikorik gabeko astearen harira, edalontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte.

Bi urtez behin egin ohi du Lagun Onak Mendi Bazkunak ibilaldi neurtua, eta aurtengo ediziorako dena prest dute antolatzaileek. Kirolprobak.com webgunean eta Lagun Onak MBren egoitzan izan da izena emateko aukera, eta oraingoz, 107 lagun animatu dira. Dena den, antolatzaileek jakinarazi dute igandean bertan ere izango dela izena emateko aukera, plazan. 06:30etik 07:00etara bitartean eman ahal izango dute izena ibilbide luzean parte hartu nahi dutenek, eta 07:30etik 08:00etara ibilbide motza aukeratzen dutenek. Guztiek, izan elkarteko bazkide edo ez, hemezortzi euro ordaindu beharko dute inskripzioa.

Mendizaleek bi ibilbide izango dituzte aukeran igandean: motza eta luzea. Luzeak 26 kilometro ditu, eta honako leku hauetatik igaroko dira parte-hartzaileak: Azpeitia-Erlo-Zamaleku-Attola-Endoia-Ondarbaso-Azpeitia. Bide motza, berriz, hamasei kilometrokoa izango da, eta Azpeitia-Erlo-Zamaleku-Ordarbaso-Azpeitia ibilbidea osatuko dute partaideek. Azpeitiko plazan hasi eta amaituko dira bi ibilbideak.

Ibilaldia amaitu ondoren, sabelak betetzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Hain zuzen ere, paella, sagardoa nahiz pintxoak dastatu ahal izango dira Azoka Plazan, eta opariak ere banatuko dituzte Lagun Onak elkartekoek. Gainera, plastikorik gabeko astearen harira, edalontzi berrerabilgarri bana banatuko diete parte-hartzaile guztiei, eta hori baliatu beharko dute mendizaleek anoa postuetan zerbait edan nahi badute. "Zabor gutxiago sortzea dela helburua", nabarmendu dute antolatzaileek.