"Faborito argirik ez" Azpeitiko XX. Rallysprinterako

Uztarria.eus 2019ko eka. 5a, 12:36

Rallysprintaren antolatzaileak eta sustatzaileak, plazan.

Zapatuan izango da rallysprinta, 15:00etan hasita. Errezilera bidean hasiko da proba, eta handik Aizarna aldera bideratuko da, hamabost kilometroko bidea osatuz. 45 bikotek eman dute probarako izena, azken edizioetan baino gutxiagok. Hala ere, Lagun-Artea taldeak adierazi du gidari "oso onak" izango direla rallysprintean.

Zapatuan izango da Lagun-Artea taldeak antolatzen duen Azpeitiko Rallysprinta. Aurtengoa XX. edizioa izango da, eta azken urteetan baino parte-hartzaile gutxiago izango badira ere –45ek eman dute izena–, lehia ederra izango dela aurreikusten dute probaren antolatzaileek. Izan ere, Jorge del Cid Lagun-Arteako kidearen arabera, gidari "oso onak" izango dira rallysprintean. Hark azpimarratu duenez, hainbat dira irabazteko faborito nagusiak, hala nola Castro, Barrenetxea-Arando, Iraola, Aiertza, Ardions, Holke, Compaire, Agirre eta Agirretxe. Dena den, faborito argirik ez dagoela eta lehia "irekita" dagoela azaldu du.

Euskal Herriko eta Gipuzkoako Rallysprint Txapelketako hirugarren proba puntuagarria izango da larunbatekoa. Errezilera bidean hasiko da proba, eta handik Aizarna aldera bideratuko da, hamabost kilometroko bidea osatuz. Iaz egin zuten lehen aldiz rallysprinta egitura berri horrekin, eta errekorra Aingeru Castrok (BMW M3) dauka ibilbidea zortzi minutu, 22 segundo eta zortzi ehunenekotan osatuta. Rallysprinta 15:00etan hasiko da, eta hiru zati izango ditu. Sari banaketa ekitaldia, berriz, 20:00etan egingo dute epaitegi aurreko plazan. Egiaztaketak Garoa tabernan eta epaitegiaren aurrean egingo dituzte, 10:00etatik aurrera. Ondoren, 14:00etan, Antzibar industrialdera abiatuko dira autoak, probari handik ordubetera ekiteko.

Azpeitiko eta inguruetako hainbat gidarik eta kopilotuk parte hartuko dute Azpeitiko Rallysprintean. Besteak beste, lehian izango dira Jokin Aiertza, Iokin Agirre eta Jon Arregi gidari azpeitiarrak, Gurutz Agirretxe eta Iker Zinkunegi gidari errezildarrak, Jagoba Otaegi gidari aizarnarra nahiz Ekain Otaegi gidari beizamarra. Atzo egin zuten probaren aurkezpenean izan zen, hain zuzen ere, faboritoetakoa den Jokin Aiertza. Hark Azpeitiko proba "asko" gustatzen zaiola esan zuen: "Denetarik dauka. Hasiera zabala dauka Errezil bide aldera, eta Etumeta ingurua asko gustatzen zait. Aizarna aldea, berriz, leku oso azkarra da". Aiertzak "disfrutatzeko" deia egin zien parte-hartzaile guztiei, eta adierazi zuen lehia "polita" izango dela zapatuan, auto eta gidari "oso onak" aterako direlako. Arantzazu Araneta kopilotuak ere hartu zuen hitza. Haren abera, pilotuari jarraibideak azkar ematea eskatzen du ibilbideak: "Luzea da ibilbidea, eta hori nabaritu egiten da eztarrian". Aitzitik, joan zen asteburuan egindako balentriarekin gustura agertu zen Araneta; izan ere, Iokin Agirrek eta biek hirugarren egin zuten Goilurrak rallyan.

Azpeitiko eta Zestoako udalek diruz laguntzen dute rallysprinta, eta hori dela eta, aurkezpenean izan ziren Eneko Etxeberria eta Josetxo Mendizabal jarduneko alkateak. Etxeberriak adierazi zuen, Azpeitian autoekin "harreman handia" izan dela: "Batzuetan txarra izan da harreman hori, herritar asko hil direlako istripuz. Rallysprinta horren balantza da, alde positiboa, autoan segurtasun neurriak hartuta ibiltzea beste gauza bat delako". Horri jarraituz, Del Cidek esan zuen herritarrek argi izan behar dutela rallya kirola dela eta modalitate hori ez dela edozein unetan errepidean praktikatzekoa. Bestalde, Lagun-Arteako kideei "eskerrak" eman zizkien Azpeitiko jarduneko alkateak, "hogei urteotan egindako lanagatik". Mendizabalek esan zuen "plazera" dela rallyaren antolakuntzan kolaboratzea. Hark, gainera, segurtasunez "gozatzeko" esan zien herritarrei.

Segurtasun neurriak

Rallya egingo den errepide zati osoan aparkatzea debekatuta dagoela jakinarazi du Lagun-Arteak, gaizki aparkatuta dagoen edozein auto garabiak eramango duela ohartarazita. Aparkatzeko, baina, hainbat leku gomendatu dituzte: Azpeitiko Landeta poligonoa, Granada Errekara jaisten den errepidea eta Benta Berriko bidegurutzetik Errezil alderako errepide zatia. Benta Berri eta Errezil arteko aparkalekua errepidea ixtean –12:00ak aldean– jarriko dute erabilgarri. Bestalde, Errezildik Azpeitira arteko bidea 13:30 aldean itxiko dute, eta handik jaitsi nahi duten ibilgailuek Loidiko bidetik egin beharko dute.

Rallysprintaren antolatzaileek ikusleei gogorarazi diete proba ikusteko leku seguruan koka daitezela, "inoiz ez zinta gorriz markatuta dauden guneetan". Horrez gain, bidean izango diren komisarioen oharrak eta jarraibideak errespetatzeko eskatu dute, baita ingurumena zaintzeko ere.

Proba Euskadi Irratiaren bidez jarraitu ahal izango da zapatu arratsaldean; izan ere, Hiru Erregeen Mahaiak zuzeneko konexioak egingo ditu. Gainera, Internet bidez ere jarraitu ahal izango dira denborak-eta, www.fotomotor.es webgunean.