Herriko erraldoien erreplika txikiak aurkezteko festa prestatu dute zapaturako

Uztarria.eus 2019ko mai. 8a, 17:58
Erraldoi txiki berriak, orijinalak atzean dituztela. (Azpeitiko Udala)

Lau erraldoietako biren irudiak ditu prest, momentuz, Udalak, eta horiek eskuratzeko aukera izango da plazan, 18:00etatik 20:00etara. Bereziki umeei zuzendutako festa izango da zapatu arratsaldekoa: Oihan Vegak musika jarriko du kioskoan eta Andoni Bastarrikak hareazko eskulturak egiten ikasteko tailerrak emango ditu.

Azpeitiko lau erraldoiak etxean eduki nahi dituztenek horretarako aukera izango dute laster, Azpeitiko Udalak herriko erraldoien erreplika txikiak atera eta salgai jarriko baititu. Udalak azaldu du "duela hainbat hilabete" erabaki zuela erraldoien irudi txikiak egitea. Horietako bi, emakume zuriarena eta gizon arabiarrarena, pronto ditu, eta horiek aurkezteko festa prestatu dute, gainera, zapaturako.

Hilaren 11n, 18:00etatik 20:00etara egingo dute "erraldoien festa" plazan, eta erraldoi txiki berriak eskuratzeko aukera izango da bertan: figura bakarra 7 eurotan salduko dute, eta biak erosiz gero 12 euro ordaindu beharko da. Bereziki umeei zuzendutako festa izango da zapatu arratsaldekoa: Oihan Vegak musika jarriko du kioskoan eta Andoni Bastarrikak hareazko eskulturak egiten ikasteko tailerrak emango ditu. Bastarrikak, gainera, hondarrezko erraldoiak ere egingo ditu plazan bertan, egunean zehar.

XX. mendearen hasieratik

Erraldoi txikiaren aurkezpena baliatu du Udalak Azpeitian "estimazio handia" duten erraldoien historiari errepasoa egiteko. Gaur egun herriko hainbat festatan kalez kale ibiltzen diren figurak 1972an erosi zituen Udalak, baina joan den mendearen hasieratik dator erraldoien tradizioa Azpeitian. XX. mendeko lehen hamarkadaren bukaeratik mende erdira arte Azpeitiko erraldoi izan zirenen erreplikak dira gaur egungoak. Bai hasierakoek, bai gaur arte iritsi direnek, lau arrazatako pertsonaiak irudikatzen dituzte, bi emakumezko eta bi gizonezko: bata beltza eta bestea zuria dira emakumeen irudiak; eta arabiarra eta asiarra, berriz, gizonezkoenak.