Mari Jose Etxanizen artelanak ikusgai, Betharram aretoan

Uztarria.eus 2019ko mai. 3a, 12:47

Mari Jose Etxaniz azpeitiarrak egindako artelanen erakusketa jarri dute Betharram aretoan. Etxanizek berak egindako 36 margolan daude guztira ikusgai, eta bere 6 eta 9 urteko bilobek egindako koadroak ere jarri dituzte erakusketan. Azpeitiarra Elgoibarren hasi zen margotzen duela 35 urte, baina hau da Azpeitian jarri duen lehen erakusketa. Etxanizek dioenez, "zerbait esaten dioten" gauzak margotzen baditu ere, margogintzan "arlo guztiak" jorratu ditu urte guzti hauetan. Bere lehenengo margolana "Gabonetako postal bati begira" egin zuela aitortu du. Datorren ostegunean, maiatzak 9, izango da erakusketa ikusteko azken eguna; astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara egongo da irekita Betharram aretoa, eta asteburu eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.