Venezuelako eta Italiako jaialdi banatan ere lehiatuko da 'Lekaime'

Uztarria.eus 2019ko mai. 2a, 11:25
Hautagaitzen 'dominak' pilatzen jarraitzen du 'Lekaime' filmaren kartelak.

Le Prince International Film Festivalerako eta OIFF Short Films Festivalerako hautatu dute Xanti Rodriguez azpeitiarraren film laburra. Azken bi horiekin, momentuz hamar jaialditan parte hartzeko aukera izan du iaz estreinatutako lanak.

Lekaimek munduan barrena bidaiatzen jarraitzen du. Xanti Rodriguez azpeitiarraren fantasiazko eta beldurrezko film laburra nazioarteko beste bi jaialditan lehiatzeko hautatu dute berriki: Venezuelako Le Prince International Film Festivalen eta Italiako OIFF Short Films Festivalen.

Azken bi horiekin, momentuz hamar jaialditan parte hartzeko aukera izan du iaz estreinatutako lanak: Sitgeseko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdian eman zuten lehen aldiz Rodriguezen filma, eta ordutik hona Mexikoko A Pantalla Abierta, Eibarko Asier Errasti film laburren jaialdian (euskarazko film onenaren saria jaso zuen bertan), Indiako eta Uruguaiko jaialdi banatan, Valentziako South Europe International Film Festivalen, Beeston Film Festivalen eta Global India International Film Festivalen sail ofizialetan aritzeko hautatua izan da.