Lagun Onak MBk maiatzaren 11n egingo du Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko bosgarren etapa

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2019ko api. 30a, 12:07

Urbina eta Estibalitz (Araba) lotuko dituzte ibilaldian, 22 kilometroko ibilbidea eginda. Maiatzaren 9ra bitartean eman daiteke izena.

GR-38, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideko bosgarren etapa maiatzaren 11n egingo du Lagun Onak MBk. Urbina eta Estibalitz (Araba) lotuko dituzte txangoan, guztira, 22 kilometroko ibilbidea eginda. 

08:00etan, anbulatorioaren aurrean hartuko dute autobusa Urbinara joateko. Urbinan, GR-38ren ibilbidea jarraitzen hasiko dira, eta Urbina gainera igoko dira. Ondoren, Amarita eta Mendibil auzoetara joango dira, eta Mendibil auzoan, hamaiketakoa egiteko hamabost minutuko geldialdia egingo dute, taberna baitago bertan.

Ondoren, hainbat auzo igaroko dituzte: Urzaiti, Arbulo eta Oreitio. Azken auzo horretan, bazkaltzeko 30 minutu izango dituzte; norberak eraman beharko du bere bazkaria. Etapa amaitzeko, Estibalitzera iritsiko dira; ibilaldia 15:30-16:00 aldean amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek. Partaideek denbora libre pixka bat izango dute Estibalitzen, eta ondoren, Azpeitirako bidea hartuko dute.

Irteeran parte hartu nahi dutenek maiatzaren 9rako eman beharko dute izena, Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernan edo elkartearen webgunean. Bazkideek zortzi euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, hamar euro. Informazio gehiago nahi duenak, www.lagunonakmb.org helbidean eskura dezake.