Eñaut Elorrietak eta Kaabestri String Ensemblek kontzertua eskainiko dute zapatuan Soreasu antzokian

Uztarria.eus 2019ko mar. 18a, 11:04

Proposamen berri batekin iritsiko da Eñaut Elorrieta musikari entzutetsua zapatuan, Soreasu antzokira. Izan ere, bere ohiko musika taldea, Ken7, alde batera utzita, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bost musikarirekin eskainiko du emanaldia; Kaabestri String Ensemble hari boskotearekin, hain zuzen ere. Harian izena jarri diote emanaldiari, eta zapatuan 22:00etan hasiko da Azpeitiko saioa. Sarrerak salgai daude dagoeneko Sanagustin kulturgunean nahiz Kulturaz.eus webgunean, hamabost euroren trukean. Egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira, Soreasu antzokiko leihatilan, hamazortzi eurotan.

Elorrietak musika estiloz ere aldatu du Harian proiektuarekin; doinu klasikoagoetan murgildu da Oscar Lopez, Igor Torre eta Arkaitz Martinez biolinistekin, Jon Arranz txelo-jotzailearekin eta Paloma Torrado kontrabaxu-jotzailearekin sortu dituen kontzertuetarako. Lau kanta ere grabatu dituzte Elorrietak eta Kaabestri String Ensemble taldeko kideek, hala nola Jose Luis Otamendi azpeitiar eta Joseba Sarrionandia durangar idazleen poemak musikatu dituzte. Elorrietaren hainbat kanta ezagun ere moldatu dituzte Harian proiekturako.