'Dragoi Bola: Broly' eta 'El rey' filmak izango dira ikusgai zapatuan

Uztarria.eus 2019ko ots. 28a, 09:41

Asteburuan karnabalak direla eta, ohi baino zinema emanaldi gutxiago izango dira. Hain zuzen ere, zapatuan soilik egingo dituzte emanaldiak, eta bi film ikusi ahal izango dira egun horretan Soreasu antzokian. Dragoi Bola: Broly eta El rey filmak emango dituzte larunbatean, 16:30ean eta 19:30ean, hurrenez hurren. Bi emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean nahiz egunean bertan Soreasuko lehiatilan eskuratu ahal izango dira.

2018an Japonian egindako filma da Dragoi Bola: Broly, eta Akira Toriyama da lanaren zuzendaria. Honako hau da filmaren sinopsia: "Filmak Gokuren, Vegetaren eta Brolyren arteko liskarra jasotzen du. Bakea berriz ere Lurrera itzuli da Botere Lehiaketaren ondoren. Gokuk, beste unibertso batzuetan oraindik ikusi ez dituen izaki ikaragarri indartsuak daudela jakin duenean, entrenatzen jarraitzea erabakitzen du, orain den baino indartsuagoa izateko asmoz. Halako batean, Broly izeneko saiya ezezagun bat azalduko zaie Gokuri eta Vegetari. Baina saiyak ez ahal ziren desagertu, bada, Vegeta Planeta suntsitu zenean? Hortaz, zertan ari ote da Lurrean Broly?".

El rey filma, berriz, iaz Espainian ekoiztutakoa da. Alberto San Juanek eta Valentin Alvarezek zuzendutako filmak Juan Carlos I. errege emerituaren inguruko fikziozko istorio bat du oinarrian. Honako hau da pelikularen sinopsia: "Filmak dokumentazio lan garrantzitsua du atzean, eta XX. mendeko bigarren erdian Espainian jazotakoaren ikuspegi desberdin bat eskaintzen du. Filma 2014an hasten da, erregearen abdikazioarekin, eta 1948ra pasatuko da gero; hau da, Juan Carlos 10 urterekin, lehen aldiz Espainiara iritsi zen garaira. Filma amesgaizto bat da, bizitzaren epilogoan sotoko zulora erortzen den gizon baten bidaia psikotikoa. Eta, bertan, sakon-sakonean, memoria egingo du. Gau sakonean, erregeak Franco, Carrero Blanco, Felipe Gonzalez edota Puig Antichen bisitak izanten ditu".  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide