Erbestean hil ziren Patxi eta Mayi Zaldua oroitu dituzte

Uztarria.eus 2019ko ots. 17a, 15:55

Patxi Zaldua 1992an Brasilen hil zen Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea eta haren alaba Mayi Zaldua oroitu dituzte gaur Azpeitian. Enparan dorretxearen atzealdean egin dute ekitaldia, 12:30ean hasita. Zalduaren lagunek eta kideek antolatu dute ekitaldia, Azpeitiko ezker abertzalearen babesarekin, eta jende ugari bertaratu da.

Txalaparta doinuekin hasi da ekitaldia, eta ondoren, Iñaki Errazkin ezker abertzaleko kideak hartu du hitza. Hark azaldu duenez, Patxi Zaldua gaztetan hasi zen kapitalismoaren aurkako eta independentziaren aldeko borrokan, eta oso gaztea zela egin behar izan zuen ihes bere herritik. Deserrian zela, Brasilen, Mayi alabarekin batera hil zen Patxi, auto istripuz, baina Errazkinen arabera, belaunaldi gazteentzako "ezezaguna" da aita-alaben istorioa. Horregatik, haren memoria aldarrikatu nahi izan dute, "haien oroimenak bizirik iraun dezan". Haiekin batera borrokan hil ziren ehundaka gudari ere izan ditu gogoan Errazkinek.

Ondoren, Iñaki Egaña historialariak hartu du hitza. Zaldua erbestearen semea izan dela nabarmendu du, eta Joseba Sarrionandiaren olerki bat irakurri du, hori azaltzeko: "Ez den herrian sortu ginen, eta geu ere, esan gabe doa, ez garena gara". Duela bospasei urte erbestearen inguruko lan bat egin zuen Egañak, eta haren arabera, 2.500-3.000 bat izan daitezke Euskal Herritik deserrira ihes egin zutenak. "Zerrenda ez dugu inoiz osatuko", erantsi du. Zerrenda horretan, hamar-hamabi izen ezin aurkituta ibili zela kontatu du, eta horietako bat zela Patxi Zalduarena. "Bagenekien erbestera joan zela 80ko hamarkadan, eta ikerketa txiki bat abiatu genuen". Zalduaren anaia Iñakirekin eta Patxi hil zenean haren bikotekide zen Monikarekin jarri zen harremanetan, eta hala lortu zuen Zalduaren "curriculuma" osatzea.

Ezezaguna ezagutara

Zaldua Azkoitian jaio zen 1959. urtean; bizirik balego, 60 urte beteko zituzkeen duela pare bat aste. Azpeitian ikasi zuen eta bertan bizi izan zen. Euskadiko Gaztedi Abertzaleen Mugimenduko (EGAM) eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko militantea izan zen, eta ondoren Azkoitiko Komando Autonomo Antikapitalistan sartu zen. 1980an erbestera joan zen, Txetxu Ugarterekin batera –gaur egun Venezuelan bizi da Ugarte–. Hendaian bizi izan zen Zaldua urtebete inguruz, eta 1981ean Ziburun atxilotu zuten, Komando Autonomo Antikapitalisten aurkako operazio baten barruan. Tolosako (Okzitania) eta Marsellako (Frantzia) espetxean igaro zituen bi hilabete, eta Anguleman (Brasil) konfinatu zuten. Ondoren, Baionara itzuli zen, eta han Agustin Otaegi beizamarrarekin eta Jose Zabala azkoitiarrarekin bizi izan zen.

1987ko udan jaio zen Mayi, eta urte berean, GALen atentatuak eta atxiloketak tarteko, Frantziatik ihes egin zuten Zalduak eta haren familiak. Hain zuzen ere, urte hartako abenduaren 31n Parisera joan ziren, eta handik Pomerodera (Brasil). Monikak familia zuen Pomeroden, eta horregatik aukeratu zuten leku hura deserrirako. Han bizi zirela, Zaldua bere ilobekin eta Mayi alabarekin furgoneta batean zihoala, istripua izanda hil zen, 1992an. Bihotzekoak jota izan zuen auto istripua Zalduak, eta horma baten aurka jo zuten; bost urteko Mayi alaba ere istripuaren ondorioz hil zen. 33 urterekin hil zen Zaldua. "Sei urte eman zituen Zalduak paperak zuzendu nahian eta lan bila, eta istripua izan eta astebetera bidali zizkioten Brasilen legez egoteko behar zituen paper guztiak".

Egañak adierazi du urte dezentez zalduatarren memoria "gordeta" egon dela, eta urte asko pasatu arren, orain ari direla egiten "egin behar" zutena. "Askotan galdetzen didadate ‘zergatik memoria?’, zergatik jarri behar garen atzera begira, eta nik uste dut horrek ematen digula kontzientzia politikoa, beste gauza askoren artean", esanez amaitu du hitzartzea Egañak.

Segidan, poesia musikatua eskaini dute Azpeitiko bi gaztek, eta ondoren, Zaldua zenaren senitartekoak bertaratu dira. Ezker abertzaleko kideen nahiz udal ordezkarien izenean loreak eman dizkiete, eta Monikak hartu du hitza segidan: "Mila esker", esan du. Bertaratu diren herritarren txalo zaparrada jaso dute bere garaian Zalduaren bikotekide izan zenak eta haren senitartekoek.