Ikastetxeetan ere Santa Ageda bezpera ospatuko dute astelehenean

Uztarria.eus 2019ko ots. 1a, 11:31

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan prest dituzte egitarauak. Koplaz beteko dituzte jolastokiak, eta kalez kale ere irtengo dira batzuk kantuan.

Matxinbentarrak ez dira izango astelehenean kantuz ibiliko diren bakarrak. Azpeitiko ikastetxeetan aurten ere prest daude Santa Ageda bezpera ospatzeko. Bakoitzak bere egitarauarekin, koplaz beteko dituzte jolastokiak, eta kalez kale ere ibiliko dira ikasle talde batzuk.

Urola Ikastolakoak dira kalera kantuan aterako direnetako batzuk; 28. aldiz egingo dute santa eskea. DBH1eko ikasleak dira goiz partean kopla eta bertso kantari ibiliko direnak. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Perdillegiko eraikinean egingo dute lehen geldialdia, LHko hango ikasleekin batera kantatzeko. Ondoren, bi taldetan banatuko dira Urolakoak: batzuk Alde Zaharrean ibiliko dira eta besteak, berriz, Sanjuandegin; azken horiek Karmelo Etxegaraiko HHko ikasleekin izango dute lehen hitzordua, Euskal Herria kaleko eraikinean elkarrekin aritzeko, auzoan kalejira egin aurretik. 12:15ean anbulatorio atarian elkartuko dira bi taldeak, ikastolara itzuli eta azken saioa han egin aurretik.

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak eta gurasoak ere kalera irtengo dira santa eskean, iluntzean. 19:00etan jarri dute elkartzeko ordua, Sanagustinpean, kalejira handik abiatzeko; trikitilariekin eta Beñat Lizaso eta Ander Urbieta bertsolariekin ibiliko dira kalez kale. Aurretik, arratsaldean, ikastolan bertan ospatuko dute ikasleek Santa Ageda bezpera, 16:15ean hasita.

Iraurgi Ikastetxean, berriz, HHko eta LHko ikasleek ikastetxean bertan kantatuko dituzte Santa Ageda bezperako kplak eta bertsoak. HHkoak 11:45ean elkartuko dira jolastokian. 12:00etan, LHko ikasleak batuko zaizkie txikienei, trikitilariekin batera. 5. mailako ikasleek beraiek sortutako koplak kantatuko dituzte, eta kalejira eginez bukatuko dute festa ekitaldia.