'Gara' egunkariari babesa agertu dio Uztarria Komunikazio Taldeak

Uztarria.eus 2019ko urt. 31a, 17:29
'Gara'-ko ordezkariak agerraldian. (Naiz)

Euskal Herriko 66 komunikabide batzen dituen Tokikomek eta Uztarria Komunikazio Taldeak elkartasuna eta babesa adierazi diote Gara egunkariari eta bere lantaldeari. Datozen urteotan hiru milioi eurotik gora ordaintzera derrigortuta daudela azaldu zuten Garako ordezkariek asteazkenean, Espainiako justiziak legez kanpokotzat jotako Egin egunkariaren itxieraren ondorioak ordaintzeko.

Joan den asteazkenak egun alaia izan behar zuen Gara egunkariko lankideentzat. Hogei urte bete ziren lehen zenbakia argitaratu zutenetik, eta ospatzeko moduko lorpen handia da hori, batez ere komunikabideentzat, bizi dugun aro zail honetan.

Aitzitik, poztasun zantzurik ez genuen sumatu Gararen arduradunek egunkariaren urteurrenean egindako agerraldian: erredakzioa hutsik eta erdi ilunpetan zegoela, datozen urteotan hiru milioi eurotik gora ordaintzera derrigortuta daudela azaldu zuten, zer eta Espainiako justiziak berak legez kanpokotzat jotako Egin egunkariaren itxieraren ondorioak ordaintzeko.

Lerro xume hauen bidez, Uztarria Komunikazio Taldeak eta Euskal Herri osoko 66 toki komunikabide batzen dituen TOKIKOMek Garari ezarritako zor horren bidegabekeria publikoki salatu nahi dugu, komunikazio proiektuaren bideragarritasuna kolokan jarriz prentsa askatasuna eta aniztasuna ere kaltetzen dituelako, eta elkartasuna adierazi nahi diogu Gararen lantalde osoari. Toki komunikabideetan oso jabe gara prentsa aniztasunak duen garrantziaz, eta haren alde diharduenak ondoan izango gaitu.