Martxoaren 8an

Martxoaren 8a antolatzeko batzar irekia antolatu du Basanderiek talde feministak

Uztarria.eus 2019ko urt. 30a, 12:50

Otsailaren 6an elkartuko dira Baigeran, herriko emakume guztien artean Martxoak 8 "gogoangarria" antolatzeko asmoz.

Iaz bezala, aurtengo Martxoaren 8an ere greba feminista egingo dute Euskal Herriko emakumeek. Mugimendu feminista hasi da Emakumeen Nazioarteko Egunerako ekintzak prestatzen, eta Azpeitiko Basanderiek asanblada feministak ere ekingo dio lanketari. Horretarako, bilera irekia deitu du otsailaren 6rako, asteazkenerako. Baigeran egingo dute batzarra 19:00etan, eta dei egin die herriko emakume guztiei bertaratu daitezen eta guztien artean Martxoa 8 "gogoangarria" antolatu dezaten.

Bigarren urtez, "sistema heteropatriarkatu kapitalistari planto" esango diote emakumeek, eta Euskal Herriko mugimendu feministak 24 ordukoa lanuztea deitu du aurtengorako; joan zen urtean, lau orduko bi lanuzte antolatu zituzten, eta Azpeitian ere emakume ugari izan ziren greba egin zituztenak. Hain zuzen ere, inoizko jendetsuenak izan ziren egun horretan herrian egin ziren mobilizazioak.