Hoi Denk Zirkue! ikuskizuna izango da gaur Gaztetxean

Uztarria.eus 2019ko urt. 3a, 11:38

Emanaldia 19:00etan hasiko da, baina galarako ateak 18:30ean irekiko dituzte. Xanti Agirrezabala izango da zeremonia maisua, Iagomagok magia eskainiko du, Ekaintxou arduratuko da pailazokeriak eta malabareak egiteaz, Iraitz Lizarragak trapezioan dituen abileziak erakutsiko ditu, eta Garazi Urkolak dantza elastikoa egingo du.

Iritsi da Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Hoi Denk Zirkue! ikuskizunaren eguna. Gaur, osteguna, eskainiko dute emanaldia, 19:00etan hasita. Bertan, inguruko hainbat artista eta dozenaka haur izango dira protagonistak, eta azken urteetan bezala, denetarik eskainiko dute emanaldian zehar. Xanti Agirrezabalak zuzenduko du umorez jantzitako gala, hura izango baita zeremonia maisua. Iaz Gaztetxeko zirkoan izan ziren artistak ikusteko aukera ere izango da. Iago Azkue Iagomagoren azalean arituko da eta Ekain Ibarguren Ekaintxouren rolean. Iagomagok magia eramango du Gaztetxera eta Ekaintxouk malabareak eta pailazokeriak. Ibarguren bezala Gure Zirkua ikuskizuneko kidea den Iraitz Lizarraga ere Gaztetxean izango da gaurkoan, trapezioan dituen abileziak erakusten. Horiez gain, Garazi Urkola artistak parte hartuko du Hoi Denk Zirkue! ikuskizunean. Urkolak dantza elastikoa eskainiko die Gaztetxera bertaratzen diren lagunei. 

Ikuskizuna 19:00etan hasiko den arren, Gaztetxeko ateak 18:30ean irekiko dituzte. Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, iaz gertatutakoa ekiditeko neurriak hartu dituzte: "Iaz izugarrizko jende ilarak sortu ziren emanaldiaren sarreran, jendea azken unean etortzen baita. emanaldira. Horren jakitun, puntualitatea errespetatu asmoz, ateak ordu erdi lehenago irekiko ditugu". Herritarrei ordua errespetatzeko eskatu diete: "Sarrera 18:30ean irekiko dela jakinda, bertaratuko diren lagunei eskatu nahi diegu puntualitatea zaintzeko eta ordua errespetatzeko. Gaztetxeko kideok guri dagokizgun lanak ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara ". Aurreratu dutenez, azken bi urtetan egin bezala, Gaztetxean bertan egindako krispetak erosteko aukera izango da gaurko emanaldia hasi aurretik, euro bat ordainduta. 

 Azpeitiko Gaztetxeak Bazen behin... Hoi Denk Zirkue! izeneko bideoa egin du, aurtengo ikuskizuna iragartzeko. Hona hemen spota: