Berrikuntzekin datoz Eguberrietarako prestatutako ekintzak

Uztarria.eus 2018ko abe. 19a, 18:47
Bertaneko, ikastetxeetako, musika eskolako eta Kulturazeko ordezkariak, Gabonetako ekintzen aurkezpenean.

Herriko ikastetxeek, musika eskolak eta Itsasik elkarrekin egingo diete harrera Olentzerori eta Mari Domingiri abenduaren 24 eguerdian. Eragile horiek eta Udalak elkarlanean prestatu dute hitzordua, eta "inoiz baino politagoa" izango delakoan daude. Errege Magoak ez dira lurrun trenean iritsiko Azpeitira, Burdinbidearen Euskal Museoa itxita egongo baita egun horretan. Horrenbestez, hiru Errege Magoek Txu-txu trenean egingo dute bidaia. Gabonetan ez dira faltako haurrei zuzendutako film emanaldiak eta Izarraitz pilotalekuan jarri ohi duten haur parkea.

Gabonak ate joka daudela eta, Eguberrietarako prestatu dituzten ekintzen berri eman dute gaur, asteazkena, Azpeitiko Udalak, ikastetxeetako ordezkariek, Juan Antxieta musika eskolak eta Kulturaz kooperatibak. Aurten, elkarlanean prestatu dituzte Gabonetako jaiegunetarako hitzorduak, eta hainbat berrikuntza txertatu dizkiote urteroko egitarauari. Aldaketak aldaketa, ez dute hutsik egingo urteroko ekintzek, eta haurrei zuzendutako dozenaka hitzordu izango da hurrengo asteetan.

Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera izango da berrikuntzez josita hitzorduetako bat. Aurten, elkarlanean prestatu dute hilaren 24ko hitzordua Udalak eta hezkuntza arautuko nahiz ez arautuko eragileek. "Bilera asko" egin dituztela nabarmendu dute kalejira prestatzen aritu diren kideek, eta egindako lanak bere fruituak emango dituela uste dute. Izan ere, hilaren 24ko ekitaldia "inoiz baino politagoa" izango delakoan daude. Gabon eguneko ekitaldian parte hartuko dute ikastetxeetako LH3ko ikasleek, irakasleek, musika eskolako ikasleek eta Itsasiko dantzari txikiek. San Martin egoitzaren aurrean elkartuko dira denak 12:30ean. Olentzero eta Mari Domingi agurtuko dituzte han, eta haiek gurdira igo ostean hasiko da kalejira Alde Zaharrean barrena. Berrikuntza modura, argitxoz jantzitako haurrek nahiz ttuntturroek lagunduko diete Olentzerori eta Mari Domingiri hilaren 24ko hitzorduan. Plazara iristean, ikastetxeetako haurrek bertsoz egingo diote harrera Olentzerori eta Mari Domingiri. Gabon bezpera "indartzeko" asmoz txertatu dituzte berrikuntzak egitarauan.

Errege Magoak, Txu-txu trenean 

Meltxor, Gaspar eta Baltasar lurrun trenean iritsi ohi dira Azpeitira urtarrilaren 6an, eta herriko gaztetxoek Burdinbidearen Euskal Museoan egiten diete harrera Errege Magoei urtero. Aurten, ez da horrela izango, ordea. Burdinbidearen Euskal Museoa itxita egongo da urtarrilaren 6an, eta, horrenbestez, beste modu batera egingo dute Azpeitira iristeko bidaia Errege Magoek: txu-txu trenean, hain zuzen. Lasaora 17:00etan iritsiko dira, eta 17:30ean helduko dira Azpeitiko Parrokiaren atarira. Hango jaiotza ikusi eta bertan elkartutako gaztetxoak agurtzeko tartea hartuko dute. Errege Magoen kabalkada 19:00etan hasiko da igerileku aurretik. Urtero bezala, herriko ikastetxeetako gaztetxoek lagunduko diete Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri. 20:00ak aldera iritsiko dira plazara, eta han herritarrak agurtuko dituzte udaletxeko balkoitik.

Udaleko Gazteria Sailak denetariko ekintzak prestatu ditu Gabonetarako, eta 180 inguru lagunek eman dute izena jarduera horietan. Kulturaz kooperatibak, bere aldetik, familiei zuzendutako eskaintza prestatu du Gabonetarako. Horrez gain, Bertan merkatari elkarteak antolatzen duen haur parkea izango da Izarraitz pilotalekuan. Parkerako sarrera bi euro ordaindu beharko da eguneko. Merkatari elkarteko kide diren dendetan erosketak egiten dituzten herritarrek, aldiz, doan izango dute sarrera. 

Gabonetako ekintzen egitaraua osorik, hemen: 

Abenduak 22:

19:30ean, film emanaldia, Soreasun: 'Cristopher Robin'

Abenduak 23:

19:30ean, film emanaldia, Soreasun: 'Cristopher Robin'

Abenduak 24:

11:45ean, Olentzero eta Mari Domingi San Martin egoitzara joango dira, hango egoiliarrak agurtzera. 

12:30ean, ikastetxeetako gaztetxoen kalejira Artzubia etorbidetik hasita. Haiekin joango dira Olentzero eta Mari Domingi, gurdian. 

13:00etan, Olentzeroren eta Mari Domingiren harrera ekitaldia. 

Abenduak 26:

16:00etatik 20:00etara, haur parkea Izarraitz pilotalekuan. 

Abenduak 27:

16:00etatik 20:00etara, haur parkea Izarraitz pilotalekuan. 

Abenduak 28:

16:00etatik 20:00etara, haur parkea Izarraitz pilotalekuan. 

Abenduak 29:

19:30ean, film emanaldia: 'El cascanueces y los cuatro reinos'.

Abenduak 30:

16:30ean eta 19:30ean, film emanaldia: 'El cascanueces y los cuatro reinos'.

Urtarrilak 2:

16:00etatik 20:00etara, haur parkea Izarraitz pilotalekuan. 

Urtarrilak 3:

16:00etatik 20:00etara, haur parkea Izarraitz pilotalekuan. 

Urtarrilak 4:

17:30ean, haurren eskutitzak hartuko dituzte Errege Magoen pajeek, Sanagustinpean.

Urtarrilak 5:

17:00etan, Errege Magoei harrera, Lasaon.

17:30ean, Errege Magoen etorrera. Txu-txu trenean iritsiko dira, eta Parrokian egingo diete harrera. 

19:00etan, Errege Magoen kabalkada, igerileku aurretik. 

20:00etan, Errege Magoen harrera, plazan. 

Urtarrilak 6:

16:30ean eta 19:30ean, film emanaldia Soreasun: 'Super Lopez'