Bihar iritsiko da Olentzero herriko ikastetxeetara

Uztarria.eus 2018ko abe. 19a, 12:05
Iazko Olentzeroren etorrerako irudi bat.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraira eta Iraurgi Ikastetxera 09:30 aldean joango da Olentzero. Azpeitiko Ikastola Ikasberrira, berriz, arratsaldez iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, 15:10 inguruan.

Iristear dira Gabonak, eta ohi bezala, herriko ikastetxeek prestatu dute sasoi horretarako egitaraua. Hain zuzen ere, bihar, osteguna, joango da Olentzero Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraira, Azpeitiko Ikastola Ikasberrira eta Iraurgi Ikastetxera. Karmelo Etxegaraira 09:30 aldera iritsiko da Olentzero; Euskal Herria kaleko eraikinean hamaiketakoa eskainiko diote, eta Perdillegikoan, berriz, kafea, abestiak, dantza eta musika, giroa alaitzeko. Ondoren, txistor mokadua jateko aukera izango dute. Iraurgira ere 09:30 aldera iritsiko da Olentzero, eta haurrek eta gaztetxoek hari eskutitzak emateko aukera izango dute. Ikasberrira, berriz, arratsaldez joango dira Olentzero eta Mari Domingi. Olatz aldetik astoz iritsiko dira 15:10 inguruan, eta jai giroan ospatuko dute ondoren haien etorrera.