Baserritarrei gorazarre egitera dator Santo Tomas eguna

Uztarria.eus 2018ko abe. 18a, 11:15

Baserritarren azokak eta jan-edan postuek hartuko dituzte ostiralean herriko plaza eta inguruko txokoak. Horrez gain, herri kirol saioek, musikak eta dantzak ez dute hutsik egingo egunean zehar. Aurten, 'Lur' antzezlanak jasoko du Antzerki Topaketetako ikusleen saria jasoko du.

Ate joka dira Santo Tomas festak, eta beste urte batez euskal tradizioko jaiekin agurtuko dute herritarrek udazkena. Ohi bezala, amaitzear den urtaroko azoka berezia egingo dute ostiralean, eta aurten Azoka Plazan elkartuko dira baserritarrak garaiko produktuak saltzeko. Plazan ere beste hamaika postu jarriko dute taldeek, herritarrek jan-edanarekin sabelak bete ditzaten. Dena den, txorizoaz eta taloez gain, izango da beste protagonistarik eguerdi partean, aizkolarien eta harri jasotzaileen jaialdiak ere plaza hartuko baitu. Aizkoran, Mikel Larrañaga eta Iker Vicentek ahalik eta golpe gutxienetan enbor bana ebaki beharko dute, eta ondoren, harri jasotzaileen txanda izango da: Udane eta Joseba Ostolazak eta Aimar Irigoienek eskainiko dute erakustaldia, eta horiek 50 kiloko harri errektangularrarekin, 175 kiloko harri errektangularrarekin eta 175 kiloko zilindroarekin arituko dira, hurrenez hurren. Segidan, aizkolariek beste proba bat egingo dute, eta Larrañaga eta Vicente nor baino nor arituko dira beste enbor bana mozten. Ekitaldia borobiltzeko, berriz, proba mistoak egingo dituzte. Bien bitartean, gainera, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso bertsolariek plaza girotuko dute hango kioskotik.

Bestelako musika doinuak ere entzungo dira egunak irauten duen bitartean; izan ere, Izarraitz txistulari taldearen goizeko dianak iragarriko ditu santotomasak, eta ondoren Udal Musika Banda eta Eltziegoko gaiteroak ibiliko dira kalejiran. Era berean, Itsasiko ttuntturroek eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilariek girotuko dituzte txokoak. Bigarren urtez jarraian, gainera, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea ibiliko da eguerdi partean herriko kaleak alaitzen. Arratsaldean, berriz, DJ Referee ariko da plaza musikaz alaitzen.

Ohi bezala, Antzerki Topaketetako sari banaketa ere egingo dute ostiralean. Udaletxean izango da ekitaldia, 12:00etan, eta aurten Xake Produkzioak taldeak jasoko du ikuslearen saria, Lur antzezlanagatik.

Bestalde, Patxi Azkargortaren Oroimenezko Pilota Txapelketa edota Gazteen XVIII. Dantza Sueltoko Azpeitiko Txapelketa ere izango dira egunean zehar. Aurtengoan ere, gainera, Gaztetxeko kideak orgarekin ibiliko dira goizetik kalez kale, eta gerturatzen diren herritarrek sagardoa dastatzeko aukera izango dute.

Ikusi santotomasetako egitaraua, hemen:

Ostirala, Santo Tomas eguna

Goizean. Udazkeneko azoka berezia Azoka Plazan.

10:00. Izarraitz txistulari taldearen diana.

10:00. Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan.

11:00. Udal Musika Bandaren kalejira.

11:30. Gaztetxekoen kalejira, trikitilariek lagunduta, Perez Arregi plazatik.

Ondoren. Eltziegoko gaiteroen kalejira.

12:00. XXXVI. Antzerki Topaketetako Ikusleen Sariaren banaketa ekitaldia udaletxeko aretoan.

12:00. Herri kirol erakustaldia, plazan. Aizkoran Mikel Larrañaga eta Iker Vicente ariko dira. Harrijasotzen, berriz, Udane Ostolaza, Aimar Irigoien eta Joseba Ostolaza.

12:00. Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso bertsolarien saioa, plazako kioskoan.

12:00. Itsasiko ttuntturroen eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilarien kalejira.

13:00etik 16:00. Bentazaharreko Mutiko Alaien emanaldia kalez kale.

13:00. Erraldoien, buruhandien eta Eltziegoko gaiteroen kalejira.

13:00-15:00. Sareren photocal gunea Plaza Txikian.

Arratsaldea. DJ Referee ariko da plaza musikaz alaitzen.

18:00. Gazteen XVIII. Dantza Sueltoko Azpeitiko Txapelketa, Sanagustin kulturgunea.

19:00. Jainekin txaranga kalez kale.

23:30. DJ Kanpax eta DJ P4ul ariko da Sanagustin kulturgunea girotzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide