Eskuragarri daude 2019ko Kultur Bonoak Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2018ko abe. 14a, 15:26
Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburua eta Jose Luis Otamendi Kulturaz kooperatibako lehendakaria.

Helduek 65 euro ordaindu beharko dute Kultur Bonoa. Langabetuek, jubilatuek nahiz Gazte Txartela dutenek, berriz, 33 eurotan erosi ahal izango dute. Txartel kopurua mugatua da. Bonoa salgai jartzearekin batera 2019rako lotuta dituen hainbat emanaldi jakinarazi ditu Kulturazek. 

Azpeitiko Kulturaz kooperatibak "kulturarekin hazi, hezi eta goza ahal izatea bultzatzeko" asmoz, Kultur Bonoa atera du zazpigarren urtez jarraian. Dagoeneko eskuragarri dago Sanagustin kulturgunean. Helduek 65 euro ordaindu beharko dute Kultur Bonoa. Langabetuek, jubilatuek nahiz Gazte Txartela dutenek, berriz, 33 eurotan erosi ahal izango dute. Salgai jarritako txartelen kopurua mugatua izango da. Txartela transferigarria da, eta beharrezkoa izango da ekitaldietara eramatea. Kultur Bonoak Kulturaz kooperatibak antolatutako ekitaldietarako balio du, eta honako abantaila hauek eskaintzen ditu:

- Sanagustin kulturgunean, zortzi kontzertu doan.

- Soreasu antzokian, musikari eta arte eszenikoari lotutako emanaldiak, %50ean.

- Umeentzako ekitaldietan, Sanagustinen nahiz Soreasun, ume baten eta heldu baten sarrera doan.

Kulturazek azaldu duenez, Kultur Bonoa dutenentzako sarrerak erreserbatu egingo dira zutikako ekitaldietan. Horrela, emanaldiaren egunean sarreran Kultur Bonoa erakutsita jasoko dute sarrera. Eserita ikusteko ekitaldietan, aldiz, ez da erreserbarik egingo lehendik, eta emanaldietarako sarrerak aurrez eskuratu beharko dira Sanagustin kulturgunean. Orduan egingo zaie dagokien deskontua Kultur Bonoaren erosleei.

Kultur Bonoa erosi aurretik programatutako ekitaldiren baten sarreraren bat erosten dutenei, ekitaldiaren egunean bertan itzuliko zaie dagokien dirua. Esaterako, Benito Lertxundik eskainiko duen kontzerturako sarrerak erosi dituzten eta 2019ko Kultur Bonoa eskuratzen duten herritarrei Lertxundiren kontzerturako sarreragatik ordaindutako diru kopuruaren %50a itzuliko zaie zuzenekoaren egunean bertan. 

Bonoa duten lagunek  www.kulturaz.eus webgunean sartuta txartelaren erabileraren berri jakin ahalko dute. Izan ere, Kulturazen webguneko Agenda atalean zehaztuko da zein ekitalditan erabili ahal izango den bonoa.

Kultur Bonoa  Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibaren ekimena da, Azpeitiko Udalaren laguntza duena. Azpeitiko Udalak, Kultur Mahaiaren Kulturaz kooperatibak ekimen honekin egiten duen "esfortzua” eskertu du, baita kultur ekimenak “herritarren eskura” jartzearen garrantzia azpimarratu ere. 2018an honako hitzordu hauetan erabili ahal izan da Kultur Bonoa: hogeitabi kontzertutan, arte eszenikoetako hamabi ikuskizunetan, Euskal Antzerki Topaketetako emanaldi guztietan eta umeentzako sei ekitalditan. 

2019ko programazioaren aurrerapena 

 Kooperatibaren "oinarriei eutsiz", 2019ko ikuskizunen "aniztasunari" erreparatu dio Kulturazek: "Guztion gustuko gauzak ekartzen saiatu, eta, aniztasuna, adina eta orekak kontuan hartu ditugu". Kooperatibak aurreratu duenez, datozen asteetan ekitaldi gehiagoren berri ematen jarraituko du Kulturazek, baina oraingoz, honako ekitaldi hauek ditu lotuta:

Musika

- Urtarrillak 11: Freedonia.

- Urtarrillak 12: Delient + Willis Drummond.

- Urtarrillak 25: Benito Lertxundi.

- Otsailak 9: Luar Na Lubre.

- Otsailak 22: Moby Dick + Izaki Gardenak.

- Otsailak 23: Hezurbeltzak.

- Martxoak 16: Brigabe Loco + Egurra Ta Kitto (diskoaren arkezpena)

- Martxoak 23: Eñaut Elorrieta.

- Maiatzean: Legen Beltza + Angelus Apatrida.

Guztira, 18 kontzertu ditu lotuta herriko kultur kooperatibak.

Arte eszenikoak:

- Erraiak (Garazi & Cia.)

- Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak (Rubik konpainia)

- Janeten titia (Ertza konpainia)

- Eskuharriak (Mug Mus laborategia)

- Ehuna (Dantzaz konpainia)

Datak zehatu gabe dituzte oraindik.

Umeentzako ekitaldiak:

- Ene Kantak.

- Gari Montxo eta Joselontxo.

Datak zehatu gabe dituzte oraindik.