'Kotoizko zaindariak' film laburra aurkeztuta, azken txanpan sartu da Mendi Astea

Uztarria.eus 2018ko abe. 13a, 14:45

Amaitzear da Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Mendi Astea. Ainhoa Lendinezen hitzaldiaren eta Al filo de lo imposible saioan parte hartu zuten euskal goimendizaleei egindako omenaldiaren ostean, Joseba Elustondo eta Jon Garate mendizaleek Kotoizko zaindariak film laburra aurkeztu zuten atzo, asteazkena, mendi bazkunaren egoitzan. Ikus-entzunezkoak bi elgoibartarren ametsak eta erronka pertsonalak ditu ardatz. Era berean, Patagoniako Cerro Torre mendian egin zituzten eskalada saioak jasotzen ditu film laburrak. Ikus-entzunezkoa ikusi ostean, Patagoniako mendi eta granitozko paretetan egindako igoeretan bizitako esperientziak izan zituzten hizpide Garatek eta Elustondok, eta solasean aritu ziren emanaldira bertaratutako lagunekin. (Argazkia: Lagun Onak M.B)

Gaur, osteguna, bukatuko da aurtengo Mendi Astea, Aralar. Mundua leku den lurra izeneko film dokumentalaren emanaldiarekin. Aralarreko natur eta kultur ondarearen leihoa da ikus-entzunezkoa, eta hausnarketarako zein gogoetarako bidea zabaltzen du. Soreasu antzokian eskainiko dute dokumentala, 21:00etan hasita. Sarrera bost euro ordaindu beharko da. 

Hona hemen Aralar. Mundua leku den lurra dokumentalaren aurrerapena:

Aralar, mundua leku den lurra-trailer from ON Produkzioak on Vimeo.