Txakurrak hezteko bigarren ikastaroa antolatu du Kimu Batek

Uztarria.eus 2018ko aza. 21a, 16:35

Abenduaren 1ean egingo dute ikastaroa, eta txakurren heziketari buruzko "informazio zehatza" emango dute jarduera praktikoen bidez. Plaza mugatuak ditu ikastaroak, eta aurrez eman behar da izena.

Txakurrak hezitzen ikasteko tailerra antolatu du bigarrenez Kimu Batek. Joan zen uztailean eskaini zuen saioa aurrenekoz, eta haren jarraipena izango da abenduaren 1ean, zapatuan, egingo dutena. 10:30etik 12:30era bitartean izango da doako ikastaroa, eta interesa dutenek aurrez eman behar dute izena, 943-15 00 85 telefonora deituta edo kimubat@kimubat.com helbidera idatzita. Plazak mugatuak izango dira.

Parte hartzaileek beraien txakurrak ikastarora eraman ditzatela gomendatu du Kimu Batek, "jarduera praktikoak" egingo baitituzte animaliekin. Gainera, uztaileko ikastarora joan ez zirenek ere parte hartu ahal izango dute oraingo saioan, eduki berriak irakatsiko dituztelako. Hain zuzen ere, animalien heziketari buruzko "informazio zehatzagoa" eskainiko dute bigarren ikastaroan: "Zakurra hezteko oinarrizko gaitasunak landuko dituzte bertaratzen direnek. Gainera, animalien eta jabeen portaera okerrak aztertuko dira eta horiei aurre egiteko neurriak aurkeztuko dituzte hizlariek, erakustaldi praktiko baten bidez".