Euskaraldia

Azpeitiko Ahobiziak eta Belarriprestak hasi dira txapak jasotzen

Uztarria.eus 2018ko aza. 19a, 20:02

Euskaraldian parte hartuko duten herritar batzuk dagoeneko jaso dute ostireletik aurrera soinean eraman beharko duten txapa. Euskaraldia herriratzeko lanean ari diren kideek gaur arratsaldean jarri dute txapak banatzeko postua Azoka Plazan, eta bertan izango dira egunero, ostegunera arte. Horrenbestez, Euskaraldian parte hartuko duten Azpeitiko Ahobiziek eta Belarriprestek datozen egunetan dagokien txaparen bila pasatu beharko dute Azoka Plazatik. 

Honako ordutegi eta leku hauetan jarriko dituzte txapak hartzeko postuak:

  • Bihar, asteartea: 11:00etatik 13:00era, arkupeetan; eta 18:30etik 20:00etara. Azoka Plazan.
  • Asteazkena, hilak 21: 18:30etik 20:00etara, Azoka Plazan.
  • Osteguna, hilak 22:  18:30etik 20:00etara, Azoka Plazan.

Behin txapak banatuta, ostiralean, hilaren 23an, hasiko da Euskaraldia. Egitasmorako izen-ematea eskolen bidez egin dutenek aukera izango dute txapa eskolan bertan jasotzeko, ikastetxe bakoitzak zehaztutako prozedura jarraituta.

Asteazkenean, hilak 21, Euskaraldiko girotze saioa izango da Sindikatu Zaharreko lehen solairuan, eta hara joaten direnek bertan jasoko dute txapa. Asteazkeneko girotze saioa 19:00etatik 20:00etara egingo dute.