II. Mendi Lasterketa Mistoa jokatu dute gaur, larunbata, Ezkion (Gipuzkoa), Ezkion Martxan kirol taldearen eskutik, eta Maite Etxezarreta izan da lasterketako azkarrena. Azpeitiarra Aitor Mimenza elorriotarra lagun zuela helmugaratu da aurrena, eta bikoteak 31 minutu eta bederatzi segundo behar izan ditu 5,8 kilometroko ibilbidea osatzeko. Ezkioko udaletxean hasita, ibilbide zirkularra izan du lasterketak, eta guztira, 59 bikotek bukatu dute proba.
Bolada onean dabil korrikalari azpeitiarra; izan ere, duela aste batzuk Euskal Mendizale Federazioaren mendi lasterketen rankinga irabazi zuen azpeitiarrak.
Gaurko goizeko lasterketako argazki eta bideo gehiago, berriz, Goierriko Hitzaren webgunean ikus daitezke. (Argazkia: Goierriko Hitza)