Gaur hasiko dituzte Jubilatuen eta Pentsiodunen Asteko ekitaldiak

Uztarria.eus 2018ko aza. 19a, 11:11
Baigerakoek egindako irteera bateko irudia.

Igandera bitarterako hainbat ekitaldi antolatu ditu Baigerak. Besteak beste, karta-joko txapelketak, bingoa, hitzaldia, txokolate-janak, ibilaldiak eta abar egingo dituzte. Hainbat ekintzatarako izena eman beharko da aurrez.

Baigerak antolatuta, Jubilatuen eta Pentsiodunen Astea ospatuko dute gaur hasi eta igandera bitartean. Urteroko legez, aurten ere egitarau oparoa prestatu dute aste osorako; besteak beste, karta-joko txapelketak, bingoa, hitzaldia, txokolate-janak, ibilaldiak eta abar egingo dituzte. Gaur emango diote hasiera hasteari, karta joko txapelketekin. Hain zuzen ere, 16:00etan hasita, mus txapelketa jokatuko dute Baigera Ien, eta tutean eta punttuan ariko dira Sanjuandegiko Baigera IIn.

Prestatutako egitasmo guztiak irekiak badira ere, hainbat ekintzatan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, hala nola Zarauzko Photomuseumera eta Madariaga nahiz Aittolara egingo duten irteerarako. Gaur eta bihar eman ahal izango da horietarako izena, 10:30etik 12:30era bitartean, Baigeraren bulegoan. Zarauzko Photomuseumera joan nahi dutenek hamabost euro ordaindu beharko dute, eta mendi irteerara joan nahi dutenek, berriz, hamabi euro.

Asteari bukaera emateko, igandean, bazkaria egingo dute Loiola hotelean. Gainera, 90 urteko hainbat herritarrek omenaldia jasoko dute bazkalostean. Bazkarirako izena ere gaur eta bihar eman ahal izango da, Baigeraren bulegoan. Bazkaritarako sarrera 38 euro ordaindu beharko dute helduek, eta hogei euro umeek.

Hemen Jubilatu eta Pentsiodunen Asteko egitaraua:

Gaur, azaroak 19

16:00. Karta jokoak: Musa Baigera Ien eta tutea nahiz punttua Baigera IIn.

Bihar, azaroak 20

16:00. Emakumeen egoera pentsioen aurrean hitzaldia Isabel Otxoa EHUko irakaslearen eskutik. Ondoren, txokolate-jana.

Etzi, azaroak 21

16:00etatik 18:30era. Bingoa Baigera IIn. Ondoren, txokolate-jana.

Osteguna, azaroak 22

15:00. Photomuseumera irteera. Ondoren, Aginagako sagardotegira joango dira.

Ostirala, azaroak 23

16:00. Bingo berezia Baigera Ieko aretoan. Ondoren, eguneko zentrokoentzat txokolate-jana.

Zapatua, azaroak 24

08:30. Madarixatik Aittolara mendi irteera. Ondoren, hamaiketakoa Aittolan.

Igandea, azaroak 24

11:00. Hamaiketakoa Baigera Ien.

12:30. Hildako bazkideen aldeko meza, parrokian.

14:15. Bazkaria, Loiola hotelean. Ondoren, omenaldia 90 urte betetzen dituzten herritarrei.