Loiolabideko plazatxoa berritzeko eta garajeetako hezetasuna konpontzeko lanak, martxan

Uztarria.eus 2018ko aza. 2a, 13:23

Martxan dira Loiolabide auzoko 1 eta 17 zenbakien arteko etxe atarietako zorua eta garajeetako sabaia konpontzeko obrak. Joan den astelehenean hasi ziren konponketa lanekin, eta Udalaren aurreikuspenen arabera, lau hilabete inguru beharko dituzte obra guztiak amaitzeko. Alde batetik, garajeetan hezetasunarekin dituzten arazoak konponduko dituzte, eta, bestetik, Loiolabideko plazatxoa berrituko dute. Besteak beste, parkea berritu eta espaloiak zabalduko dituzte. Udalak azaldu duenez, auzoko bizilagunekin hitz eginda adostu dituzte obraren nondik norakoak, eta horiei jarraiki egingo dituzte konponketa lanak.

Obra osoaren aurrekontua 450.000 eurotakoa da. Udalak aurrekontuaren %30a ordainduko du. "Udalak ezarrita duen irizpideari jarraituz, erakundeak aurrekontuaren %30a ordainduko du legez gaineko zoladura ordaintzera bakarrik behartuta badago ere", adierazi du Josu Labaka zinegotziak.