Greba eguna adinekoen egoitzetan

Uztarria.eus 2018ko urr. 26a, 14:20

ELA eta LAB sindikatuek deituta, greba eguna izan dute gaur, ostirala, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, herrialdeko lan hitzarmen berria eskatzeko. Azpeitiko San Martin egoitzak eta Bista Eder eguneko zentroak ere protestara batu dira, eta lanuzteak egin dituzte han ere. Era berean, LABeko ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundira eraman dute aldarria, eta elkarretaratzea egin dute erakundearen egoitza aurrean, Donostian (argazkian). ELAk, berriz, hiru egunez egin du greba aste honetan, eta sindikatu hori ere Donostian mobilizatu da gaur. 

Sindikatuek salatu dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetako herrialdeko hitzarmena 2012tik berritu gabe dagoela, eta sindikatuak, besteak beste, oinarrizko soldata toki eta foru administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoari homologatzea eskatzen die haiei. Era berean, honako eskaera hauek dira LABek negoziazio mahaira eraman dituenak: kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea; langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lanbatzorde parekidea sortzea; eta prestakuntza kontuan izateko puntu garrantzitsua izatea. Patronalak, ordea, sindikatuaren aldarrikapenei erantzuten ez dien proposamen bat aurkeztu diela adierazi du, eta horren aurrean, bere ezinegona azaldu du LABek. "Nazkatuta gaude patronalek duten jarrerarekin, negoziazio mahai honek langileen beharrei ez erantzutearekin, sektore honen arduradun nagusia den Gipuzkoako Foru Aldundiak gure behar eta aldarrikapenei muzin egitearekin. Gai honetan utzikeria ulertezina da, sektorea herrialdeko hitzarmenik gabe dago eta langileak 2012ko soldata taula eta lan baldintzekin jarraitzen dute, kasu batzuetan lan baldintza okerragoekin ere bai".