Suteen aurkako saiakuntza laborategia ireki du Tecnaliak

Uztarria.eus 2018ko urr. 26a, 11:53

Suteen aurkako saiakuntza laborategia. (Tecnalia)

Instalazioaren xedea da suteen aurkako segurtasuna bermatzea, obra berrietan zein birgaitze lanetan. Atzo inauguratu zuten fatxadetako suteen aurkako produktuak probatzeko laborategia.

Tecnalia enpresaren Azpeitiko ikerketa zentroan fatxadetako suteen aurkako produktuak probatzeko laborategia inauguratu dute. Atzo eman zuten sortu berri duten instalazioaren berri. Horren xedea da suteen aurkako segurtasuna bermatzea obra berrietan nahiz birgaitze lanetan. Suteen gaineko araudiaren arabera, eraikinen geroa bermatzeko eta kanpoaldean piztutako suteen aurkako erresistentzia egokia ziurtatzeko eraikuntza proiektuek justifikazio teknikoak izan behar dute. Horregatik, Tecnaliaren saiakuntza laborategia eraikuntza enpresentzat "laguntza handia" izango dela aurreikusten dute instalazioaren sustatzaileek. 

Suteen aurkako produktu berritzaileak probatuko dituzte Tecnaliaren saiakuntza laborategian, haien bideragarritasuna eta eraginkortasuna ziurtatzeko, saiakuntza txostenaren emaitza-ebaluazioa jasotzeko, eta produktuak ahalik eta azkarren merkaturatzeko. Atzo egin zuten suteen aurkako instalazio berriaren inaugurazio ekitaldia Tecnaliaren Azpeitiko egoitzan, eta han izan ziren, besteak beste, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Emiliano Lopez Tecnaliako lehendakaria.

(Argazkia: Tecnalia)