Azken hilketa matxista salatu eta emakumeenganako indarkeriarekin bukatzeko eskatu dute dozenaka lagunek

Uztarria.eus 2018ko urr. 25a, 21:28

Basanderiek asanblada feministak deituta, dozenaka lagun elkartu da gaur, hilak 25, Azpeitiko plazan, Euskal Herrian jazotako azken hilketa matxista gaitzesteko. Emakumeon kontrako indarkeriarekin amaitu! lelopean elkartu dira deialdira batu diren herritarrak.

Nafarroako Gobernuak astearte arratsaldean jakinarazi zuen hil egin zela aurreko astean Iruñean bikotekideak etxeari su emanda zauritu zen 50 urteko emakumea. Poliziak herenegun atxilotu zuen gizona, eta epaileak espetxeratu egin du. Gertaera horiek salatu eta emakumeenganako indarkeriarekin amaitzeko eskatu dute gaurko elkarretaratzean. Izan ere, Basanderieken aburuz, azken hilketa ez da "kasu isolatu bat izan: "Izan ere, sistema heteropatriarkalaren aurpegi ilunena dugu hau, eta gure bizitzen gainetik pasatzen den sistema honek ezkutuko aurpegi ilun asko ditu; gure bizitzen kontroletik hasi, bortxaketekin jarraitu eta erailketetaraino". Horregatik, asanblada feministak esan du indarkeria sexistak "mugarik ez" duela, sistema kapitalista heteropatriarkalaren funtzionamenduan "ezinbesteko tresna" delako. 

"Sistema honek pertsonen arteko botere harremanak betikotu eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea da indarkeria. Argi dugu hau aldatu ezean, eguneroko ogia izango direla emakumeon aurkako erasoak", esan du Basanderiekek. Horregatik, "sistema heteropatriarkala eraisteko eta gizarte aske bat osatzeko,  antolatzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu du: "Bizitzak jokoan ditugu". Horren aurrean, aldaketak "txikitik" hasten direla esan dute asanblada feministako kideek: "Aldaketa hau, ordea, txikitik hasten da, eta beharrezkoa da indarkeriarekin amaitzeko gure egunerokoari so egitea eta jarrera matxistak albo batera uzten joatea".

Hildako emakume iruindarraren gizonak genero indarkeriaren aurrekariak dituela gogoratu du Basanderiekek, baita ekainera arte emakumearekiko urruntze-agindu bat izan zuela ere. Horrek sistema judizialaren "hutsuneak" azaleratzen dituela uste du asanblada feministak: "Sistema judizialak erroko aldaketak behar ditu patriarkatuaren birprodukzioko instituzio den heinean, babesgabe uzten gaituztelako indarkeria salatzea erabakitzen dugun emakumeak".

Azken hilketa matxista salatu ez ezik, "boteretze feministarako" deia egin du Basanderiekek. Asanblada feministako kideen aburuz, boteretze feminista izango baita "erasoak saihesteko eta bizi garen ingurua eraldatzeko bide bakarra". Era berean, biolentzia matxistari "hortzak erakusten" dizkiotela berretsi dute, beste behin, Basanderiek asanbladako kideek: "Elkarrekin indartsuago egiten ari gara, antolatuta gaude, eta beldurrik gabe erantzuteko prest gaude. Indarkeria matxistaren aurrean, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia iritsi da".

Euskal Herriko Mundu Martxak jakinarazi duenez, azken hilketa zenbatuta, urte hasi zenetik indarkeria matxistaz hildako zazpi emakume izan dira Euskal Herrian.

Beste erreakzioak

Udalak "gogor" salatu du  azken hilketa matxista. Hildakoaren senideei eta gertukoei elkartasuna adierazi die erakundeak, eta herritar guztiei dei egin die eraso matxistak salatzeko antolatu diren ekimenekin bat egin dezaten. Udalak gogoratu du indarkeria matxista "gizon eta emakumeen berdintasun ezetik sortutako arazo benetan larria" dela gizartean. Berretsi du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, eta halako kasuen aurrean "modu aktiboan" jokatzera deitu dituzte herritarrak. 

Azpeitiko Gaztetxeko kideek ere gaitzetsi dute azken hilketa, eta gogoratu dute sistema kapitalistak "elikatzen" duela emakumeenganako indarkeria. Horregatik, "sistema irauli" eta horren barnean garatzen diren harreman sozialekin "hautsi" nahi du gazte asanbladak: "indar harremanetan oinarrituriko gizarte eredu hau aldatzeko beharrezkoa da harreman sozial berriak eraikitzea, eta horien garapena ahalbidetuko duten baldintzak sortzea. Horretarako prest gaude gu".